ERABAKIREN BALORAZIOA
ERABAKI plataformako kideok balorazioa egin gura dugu aurreko astean Durangoko Udaleko hirigintza-batzordean eta osoko bilkuran gertatu zenaren inguruan. Halaber, udalera eraman genituen 3033 sinadura eta orain arte lortu dugunaren inguruko hausnarketa plazaratu nahi dugu.
Aurreko asteartean, uztailak 17,hirigintza-batzordea batzartu zen PERI 1 plana ⎯ETSk Durangoko Udalari eman diona⎯ ezagutzera eman asmoz. Batzorde horretara 50 bat durangar bertaratu ziren, proiektuak sorrarazten zizkien zalantzak eta ziurgabetasunak argitze aldera. Hala ere, argi utzi nahi dugu, batzordeburuak erantzun lausoak baino ez zituela eman, eta batzordeko kide batzuek apenas hartu zutela parte, hori aski ez, eta mespretxuz hartu zituzten bertaratutako lagunak. Horrez gain, mundu guztiaren begien bistan dagoen biribilgunearen eraikuntza-lanen inguruan galdegin genienean isilik geratu ziren, denon harridurarako. Jasota utzi zuten gauza bakarra dekretua sinatzera derrigortuta zeudela izan zen, eta handik bi egunera egin zuten.
Ostegunean, uztailaren 19an, gobernu-taldearen presak zirela-eta, ERABAKI plataformak presazko mozio bat aurkeztu zuen bi eskarirekin: proiektua geldiaraztea eta galdeketa bat egitea aurkezturiko 3000 sinaduren bermearekin. Egun bakar batean, udaleko osoko bilkurara 100 pertsona baino gehiago joatea lortu zen, uztailaren 19 batean. Lorpen handia, zalantza barik. Tamalez, osoko bilkuran ez zuten gure eskaera onartu, eta onarturiko proiektuarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten. Azpimarratzekoa da, gure ustez, bilkura bertan behera geratu zela jendeak ERABAKIko kidearen parte-hartzea txalotu zuenean, eta, ondorioz, ez zen galde-eskeak egiteko aukerarik izan.
Bestalde, orain arte lorturikoa nabarmendu gura dugu:
-
Trenaren proiektua jendarteratu eta jendea jakitun egotea lortu da. Aldi berean, zuzen geundela erakutsi dugu, dorreak eta errepidea proiektuaren parte bereizezinak baitira.
-
Durangoko hautesle-erroldaren %10ak galdeketaren alde sinatzea lortu da, hilabete eta erdian. Herritarren parte-hartzea sustatu da herriaren etorkizunaren inguruan erabakitzeko.
-
50 pertsona baino gehiago bertaratzea hirigintza-batzordera eta 100 pertsona baino gehiago osoko bilkurara uztaila moduko uda bete-beteko hilabete betean.
ERABAKI plataformako kideok entzute aktiboa aldarrikatu nahi dugu. Ez dago ezer indar handiagoa ematen duenik zerbaitetan uste osoa izatea baino. Lanean jarraituko dugu eztabaida-gune hori sortzeko eta zentzua gailendu dadin. Hitzetatik ekintzetara pasatu nahi dugu, eta herritarren parte-hartzea gure egunerokotasunera ekarri nahi dugu.
Sinadurak biltzen jarraitzen dugu adosturiko lekuetan. Ez gara nekatuko, jo beharreko ateak joko ditugu eta berba egin behar denarekin berba egingo dugu. Ezina ekinez egina lortzen da.
Plataforma herritara eta apolitikoa gara. Mundu guztia da ongi etorria, eta eztabaidarako eta parte-hartzerako aukerak irekiak dira.
Bide beretik, Durango posible horren alde lanean jarraituko dugu, eta herri-galdeketa administrazio-tramite hutsa izan ez dadin borrokatuko gara.
Amaitzeko, gure esker ona adierazi nahi dugu, jaso dugun babesa itzela izan baita, eta modu askotarikoa izan da eman diguzuen adorea eta indarra. Aste gogorrak izan dira eta zuen sostengurik gabe ez gara ezer. Eskerrik asko!