Kabilduosteko lurjabe batzuek aurkeztu zuten plana udalean, bertan txaletak egiteko asmoagaz. Baina legeak etxeen arteko oreka exijitzen duenez, pisuak ere eraiki beharko dituzte.
Pilar Riosek (PSE-EE) egin zuen berba gobernuaren izenean plana defendatzeko. Adierazi zuen 22.000 metro karratutatik 15.000 eremu berdeak izango direla. Gainera, iazko urrian egitasmoari ekarpenak egin zitzaizkiola nabarmendu zuen, eta horri eskerrak puntu beltzak ezabatu, parking plazak gehitu, komertzioa sustatu eta bidegorri sarea handituko dela.
EH Bildu eta Herriaren Eskubidea oso kritiko agertu ziren. Dani Maeztuk (EH Bildu) salatu zuen plana zaharra dela. "13 urte beranduago, orduko plan bat onartuko da. Ez al da hobeto berraztertzea?". Gobernu taldekoak agintean egon diren artean eraikitako etxe kopuruagaz alderaketa egin zuen. "39 txalet eraiki dituzue, eta babeseko alokairuakoak 12".
Julian Riosen (Herriaren Eskubidea) ustez beste espazio libre bat galduko du Durangok. "Ez txaletik ezta dorrerik ere. Hau ez da gure eredua". Tren estazioko lurren planagaz lotu zuen gaia. "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzen gabiltzan bitartean, kasualitatea da legealdia amaitzean lotan zeuden proiektu batzuk martxan jarri direla".