Nola sortu zen '75 ordu euskaraz'?
Urte bi ziren '15 ordu euskaraz' jaia antolatzen genuela, baina horren mugak gaindituta zeudela ikusi genuen, ez zuela ekarpenik egiten. 2016ko otsaila zen, eta, orduan, Lutxo Egiaren esperientzia eta Donostiako Egia auzoan sortutako ekimen kolektiboa genituen erreferentzia moduan. Horiek oinarri hartuta sortu genuen '75 ordu euskaraz': astean lau egunean, jairik barik eta ezer prestatu barik, eguneroko harremanetan erderara ez jotzea lortu gura genuen.
Euskararen erabilera indartzea zen ekimenaren helburua?
Bai. Baita portaera linguistikoan eragitea ere. Euskaldunei erderara horren erraz ez jotzea proposatu genien eta, erdaldunei euskararen alde egotetik portaera berri bat hartzera igarotzea: euskaraz berbaz datorkionari ulertzen saiatzea. Jarrera horregaz mikroelkarrizketa elebidunak sor daitezke, eta euskaraz aritzeko espazio berriak. Hori ere bazen helburua. Orduan, mezu ausartegia iruditu zitzaigun, eta zalantza handiak genituen.
Aurrelan handia egin zenuten.
Bai. Azaroaren 8tik 11ra arteko aktibazio ariketa horretarako, aurretik herria prestatu genuen —batez ere, erdaldunei edo euskara gutxi erabiltzen zutenei begira— . Ikastaroak antolatu ziren, zazpi hizkuntzatan gomendio-gida bat atera genuen... Sei hilabetean hizkuntzen pedagogia sozial bat egin genuen portaera berri horiek sustatzeko, inertziazko portaera linguistikoak alboratuz.
Nolakoak izan dira emaitzak?
Ez dugu daturik erabilera igo egin dela esateko. Baina 284 lagunen konpromisoa lortu genuen. Ostean, izandako portaerez eta lortutako harreman berriez galdetu genien, ea nola ikusi zituzten erdaldunak, eta balorazioa oso ona izan zen. Sei hileotan sortutako intentzio soziala ikusita, sentsazio orokorra zen babestuago gaudela euskarari eusteko portaera hori izateko.
Aguraingo esperientzia hau edozein herritan aplikatu daiteke?
Aktibazio ariketa mota hauek, ariketa moduan, edozein lekutan aplikatu daitezke, oinarrizko datu soziolinguistiko batzuei begiratuz. Eta, ezagutza datuak horren onak ez badira ere, halako jarrera eta portaera berriak sustatzea posible da. Baina modu asko daude horretarako. Euskaraldia oso ondo moldatzen da herri bakoitzaren egoera soziolinguistikora. Ikustea baino ez dago zenbat herrik eman duten izena, izaera oso desberdinekoak. Horra, adibidez, Zarautz edo Tutera.
Instituzioen laguntza beharrezkoa da?
Aurrera begira, funtsezkoa da portaera linguistikoetan eragiteko. Baina lidergoa herritarrek eraman behar dutela jakinda. Instituzioen papera babes soziala eta babes ekonomikoa ematea izan behar da.