Esaterako, Eneko Atxa sukaldaria, Miren Amuriza bertsolaria eta Miguel Zugaza Arte Ederretako Museoaren zuzendaria ageri dira euren gogoetak kontatzen. Aldizkariaren edizioan lanean ibilitako batzuk Jon Gorriño zuzendaria eta Xabier Boveda, Patxi Azkarate eta Miren Irazola irakasleak dira.
"Gure balioetako bat ikastetxe zabala izatea da, eta aldizkarian parte hartu duten denak bat datoz horregaz", azaldu du Gorriñok. Uneotan 850-900 ikasle dituzte, tartean premia bereziak dituzten 50 bat. Horrek ere egiten du berezi institutua. Grekoa zein latina ematen dituen Irazolaren ustez, ikasgai aniztasuna da ikastetxearen ezaugarrietako bat, eta askatasuna ere bai. "Askatasun eta errespetu giroan ikasten den leku bat dela esan dute askok, bakoitzak bere nortasuna aurrera eramateko leku bat izan dela". Bovedak azpimarratu du "izaera sortzailekoa eta berritzailekoa" izan dela institutua.
Hari horretatik, Patxi Azkaratek erreferentzia kulturala aipatu du. "Aste kulturalak beti eduki du pisua. Adibidez, 1998koa oso indartsua izan zen: Zazpi Eskale, bertsolariak, antzezlanak...", gogoratu du.
Aldizkaria Urriken egongo da salgai, eta biharko urtemuga jaian ere banatuko dute. Plateruenean batu, institutuan bazkaldu eta ikasleen ikuskizun kulturala eskainiko dute, Nerea Aizpurua musikariak koordinatuta. Jaia "herrira zabalik" dagoela adierazi du Bovedak.