Durangoko Guardia Zibilaren kuartel aurrera eraman dute Altsasuko gazteen aldeko oihua

Markel Onaindia 2018ko eka. 14a, 19:25

Ernai gazte antolakundeak deituta, manifestazioa egin dute gaur Durangoko kaleetatik, eta Guardia Zibilaren kuartel aurrera ere joan dira. Altsasuko gazte zigortuen irudiak ezarri dituzte aurreko biribilgunean; Guardia Zibilekin izandako liskar bat egotzita kartzelaratuta daude Altsasuko gazteak. "Alde hemendik" eta "utzi bakean euskal gazteria" oihukatu dituzte adibidez.

Durangon egindako manifestazioan Altsasuko gazteak askatzea eskatu dute, eta zapatuan Iruñean egingo den mobilizaziora joatera dei egin dute baita ere. 17:00etan hasiko da protesta, Sadarretik.

Hain justu ere, gaur estatuko fiskaltzak errekurritu egin du Audientzia Nazionaleko epaia, terrorismo lez ez zuelako izendatu. Hala ere gazteak kartzelan daude, bat ezik, eta 2 eta 13 urte arteko zigorrak jaso dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!