"Umeek aisialdia euskaraz bizitzeko aukera izatea oso garrantzitsua da guretzat"

Aitziber Basauri 2018ko eka. 7a, 11:20

Berbaro elkarteak antolatutako udaleku finkoetan (Mendigorrian eta Uitzin) eta ibiltarian (Durangotik Bermeora) 160 neska-mutilek parte hartuko dute, aurten. Durangon egiten duten Udan Olgetan udaleku irekian, berriz, 200 bat umek parte hartuko dute. Mertxe Garcia eta Ziortza Onaindia amek aisiadirako proposamen horregaz bat egiten dute.

Guraso lez, zerk eraman zintuzten Berbarok eskainitako aisialdi programaren aldeko apustua egitera?
Ziortza Onaindia: Berbaroko bazkide izanik, gertutasun eta konfiantza horrek bultzatuta hasi ginen 11 urte dituen alaba nagusiagaz. Aisialdia euskaraz bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko aukera ematen zuen. Gerora, herriko eskola guztietako umeak batzen dituzten herri udalekuak direlako jarraitu dugu. Denak elkarregaz egongo diren plaza bat izatea aberasgarria da, lagun berriak egiteko ere bai.
Mertxe Garcia: Beste gazte batzuekin harremanetan jartzeko aukera ematen dute, eta hainbat tokitara joateko. Umeari konfiantza hartzen laguntzen diote, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eskainita. Orain hiru urte joan zen lehenengoz eta, pentsatu gabe, poz-pozik doa. Uitzira doa. Urtean zehar Berbarok antolatutako beste ekintzetan ere parte hartzen du, oso pozik. Oso motibatuta dator.

Euskarazko aisia izateari garrantzitsua deritzozue?
Z.O.: Hori erabakiorra izan zen guretzat. Aisialdia euskaraz bizitzeko aukera izatea ezinbestekoa deritzogu, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko aukera, euskaraz berba egitera mugatu barik.
M.G.: Oso garratzitsua da guretzat. Senarrak badaki zerbait, baina guk ez dugu euskaraz egiten etxean, eta semeari oso ondo datorkio euskara erabiltzeko.

Zuen seme-alabei zeintzuk ekarpen egiten dizkie Berbarok antolatutako udaleku hauek?
Z.O.: Uda luzea da eta guk ez ditugu hiru hilabeteko oporrak. Dena den, umeek umeekin egon behar dutela uste dut, eta alabak oso motibatuta ikusten ditut. Oso desberdinak diren arren, hirurak oso pozik doaz udalekuetara, hasi zirenetik.
M.G.: Eskolatik kanpo, bestelako neska-mutilekin parte hartzeko aukera eskaintzen diote udaleku hauek. Oso garrantzitsua deritzogu horri.

Zer da zuen seme-alabei gehin gustatzen zaiena?
Z.O.: Udalekuetako dinamika, hango jolasak. Txangoak, igerilekuetara joatea. Gazteenak hamabost egun egingo ditu Udal Olgetanen; baina beste biek ere, astebetez behintzat, Udan Olgetanera joan gura izan dute, nahiz eta bata Uitzira eta bestea Mendigorriara joango diren.
M.G.: Gero eta gutxiago kontatzen du, baina, oro har, dena du gustuko: eskulanak, irteerak, jaiak...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!