Durangoko kiroldegiko konponketek 60.000 euro kostako dutela ohartarazi du EH Bilduk

Markel Onaindia 2018ko mai. 28a, 17:32

Landako II kiroldegiaren obretan izandako gastuak kritikatu ditu EH Bilduk, eta arduradunei horren erreklamazioa egiteko eskatu dio udal gobernu taldeari. Bihar mozioa aurkeztuko du osoko bilkuran. 

Igerilekuak eta beste zenbait instalazio jasotzen dituen Landako II kiroldegia zarratu egingo dute bi astez -EH Bilduren arabera ekainaren 19 ingurutik aurrera-, konponketak egiteko. Prentsaurrekoan alderdiak adierazi du 60.000 euro kostako direla obra horiek, eta orain arte gastatutako guztiari gehitu behar zaizkiola. 2006ko obren esleipena 8,8 milioi eurokoa izan zen, eta 12,3ra heldu zen azkenean. Gerora, beste hainbat inbertsio egin behar izan direla kritikatu du EH Bilduk. 2013an 389.000 euro erabili zirela dio, adibidez. "2018an gastu hau noraino igo den ezin dizuegu esan, eskatu arren, ez baitigute datua eman gobernu taldetik".

Konponketak hainbat gunetan egin direla azaldu du Eider Uribe zinegotziak: eguzki-plaketan, dutxetako sakagailuetan, ur harguneetan, hoditerian, klorometroetan, baldosetan... "Orain, egoera hain da larria, igerilekua itxi beharra egon dela. Bere garaian gauzak ondo egin baziren, gaur ez ginen egoera honetan egongo". 2017ko abenduan ere antzerako mozio bat erregistratu zuen EH Bilduk, eta ia aho batez onartu arren, bost hilabetera egoera berdinean egotea salatu du alderdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!