DBH4ko sei ikaslek, zientzietako irakasleek, ikastolako informatikariak eta irratiafizionatu batek osatutako zientzia-taldeak zunda meteorologiko bat askatu zuten, zapatuan, ikastolan. Zundari 'Txotxe' izena jarri zioten, Jose Martin Urrutia ikastolako irakasle izan zena gogoratuz. 14:00ak inguruan askatu zuten globoa. 34.950 metroko altuerara heldu eta eztanda egin ondoren, Eskoriatzako Marin auzoan lurreratu zen 16:40 bueltan.
Zundaren (kutxaren) barnean, 3 kamera sartu zituzten, bata gorantz, beste bat alborantz eta hirugarrena, beherantz begira. Grabatu dituzten irudiak "izugarriak" direla diote proiektuaren arduradunek. "Oraindik ordu asko ditugu ikusteko, baina irudi batzuk zuekin partekatu nahi ditugu", diote proiektuaren bultzatzaileek.
Ikasturte honetan lan bolondresarekin osatutako proiektua da zunda meteorologikoarena. Sei ikaslek aurkeztu zuten euren burua eta eskola orduz kanpo, eguerdietan landu dute.
Zundaren barruan, kamerez gain, bere kokapena jarraitzeko GPS APRS telemetria gailu bat eta presioa, tenperatura eta hezetasuna neurtzeko Datalogger aparailu bat zeramatzan.