1.500 durangarrek darabilte Durango Txartela, eta jende gehiago animatzeko deia egin dute

Markel Onaindia 2018ko api. 10a, 14:16

Fidelizazioa sustatzeko asmoz sortu zuten 2009an Durango Txartela Dendak Bai elkarteko merkatariek, trukean erosleei deskontuak eta promozioak eskainita. Udalak eta Caja Rural Navarrak laguntzen duten ekimen honek kanpaina berri bat garatuko du apirilaren 16tik 30era bitartean. 100 euro arteko 40 erosketa doan zozkatuko  dituzte, ordaintzera joaterako unean bertan.

96 komertzio daude atxikita kanpainara, eta urtean 9.000 operazio inguru egiten dituzte txartela erabilita. Txartel hori hartu gura dutenek, Caja Rural Navarrako bulegoetan edota Dendak Bairen egoitzan eskatu dezakete, doan. Urtean zehar opariak eta zozketak egiten dituzte, eta epe batzuetan %5eko deskontua eskaini ere bai. Horixe gertatuko da maiatzeko bigarren hamabostaldian, esaterako. Kanpaina hori izan ohi da arreta gehien bereganatzen duena, Caja Rural Navarrako Ruben Saenz de Buruagaren esanetan. "Ea urtea amaitzerako 2.000 txartel ditugun", desiratu du.

Aitziber Irigoras alkateak babesa erakutsi dio ekimenari, eta durangarrak parte hartzera animatu gura izan ditu.

Itxura berria
Txartela 2009an sortu eta denbora bat pasa denez, irudia berritzeko beharrizana ikusi dute Dendak Baikoek, Alex Palacios presidenteak eta Miren Garrastazu teknikariak azaldu dutenez. Durangoko markaren koloreak gehitu dizkiote, adibidez. Gainera, Saenz de Buruagak esplikatu du txipa eta contactless sistema dauzkala,  gailura hurreratuz eta segurtasunez ordaindu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!