Eta orain zer?

Arauzko 22 jardunaldiak bete dira eta DRTko mutilek Ohorezko B mailako sailkapenean azken aurreko postuan bukatu dute, eta etorkizuna airean dute. Denboraldi honetako azterketa sakona egingo bagenu hainbat kontu azpimarratu beharko genituzke.

Batetik eskarmentu falta. Zer esan nahi dut honekin? Maila honetan jokalari batzuk urte batzuk daramatzate, baina azken hiru urteetan errelebo sakona egon da, jokalari beterano ugarik taldea utzi dute eta pozgarriena, beste hainbatek harrobitik gora egin dute. Eskarmentua azpimarratzen dut, une erabakiorretan hartutako erabakietan irizpide finko bat faltan somatu dudalako, ez zegoen argi zer egin, eta aurkariek hori ez dute barkatzen, hortik joan dira hainbat aukera salbazioa eskuratzeko.

Bestetik taldeak duen filosofia, hau da, liga osoan eta Bera-Berarekin batera talde bakarrak dira atzerriko jokalariak ez dituztenak, harrobiaren aldeko apustu sendoa egiten duten bakarrak. Kanpoko jokalariek taldearen maila igotzea ekartzen dute normalean, nahiz eta beti horrela ez izan. Bat nator erabakiarekin baina desabantaila itzela da besteekiko.

Bukatzeko, eta beti nire ustetan, taldeak ez du joko eredu argirik izan. Zer esan nahi dut? Nire ustez zelaiaren eremu guztietan berdin jokatu dute, eta hori oso zaila da aurrera eramatea. Ez da berdina zure zelaian jokatzea edo aurkariaren eremuan. Touchak, meleak, zigor kolpeak, ostikoak… joku esparru ezberdin hauetan estrategiak berebiziko garrantzia du eta hori ez dut argi ikusi, behintzat bukatu berria den denboraldian.

14 urte darama taldeak maila honetan, eta urte asko dira, hala ere gorabehera handiak izan ditu: urte lasaiak, jaitsiera faseak edo play-offak, zein orain dela hiru urteko igoera fase ikusgarri hura. Nire galdera ondorengoa litzateke: eta orain zer?

Bi aukera ditugu, bata, Burgosek ez badu Ohorezko Mailara igotzea lortzen, zuzenean Lehen Mailara jaitsiko litzateke taldea. Bigarrena Burgosek bere helburua lortuko balu, taldeak jaitsiera play-off bat jokatu beharko luke ekainean. Oraindik mailari eusteko aukera izango luke.

Drama bat litzateke jaistea? Nik ez dut horrela ikusten, pena bat litzakete, baina jokalari gazte asko daude, harrobia fruituak ematen ari da, eta belaunaldi polita dugu etorkizunari begira. Agian Lehenengo Mailan pare bat urte egoteak taldea indartzea eta beharrezko eskarmentua lortzea ekarriko luke. Hala ere, 1986. urtean kluba sortu zutenean ia inork ez zuen irudikatuko gaur egun dugun errealitatea, ez eta talde honek azken urteetan emanda dituen poztasunak ere. Gora DRT!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!