Estrasburgon egon da Maristak ikastetxeko ikasle talde bat

Aitziber Basauri 2018ko mar. 28a, 13:00

Europako Parlamentuak antolatutako Euroscola lehiaketa irabazi ondoren, Estrasburgon (Frantzia) egon da  Durangoko Maristak ikastetxeko ikasle talde bat, martxoan. Horien artean, Julen Perez Blanco, Mikel Lopez Tapiz, Jone Zulueta Isasi eta Paule Igartua Artetxe. Besteak beste, Europako Parlamentuaren jarduna ikusteko aukera izan dute.

Europako Parlamentuaren jarduna gertutik ezagutu eta bizitzeko aukera izan dute Julen, Mikel, Jone eta Paulek. Era berean, beste herrialde batzuetako gazteekin harremantzeko aukera ere izan dute. Esperientzia "oso ona" izan dela diote. Nabarmendu dutenez, "Europako beste herrialde batzuetako gazteekin egoteko aukera izan da onena. Haiek nola bizi diren, nola pentsatzen duten ikustea", gaineratu dute.

Iaz Europako Parlamentuak antolatutako XXIII. Euroscola lehiaketan saria irabazi ondoren joan dira ikasle hauek Estrasburgora; aurten, Erromako Tratatuaren 60. urteurrenari eskainitako lehiaketa izan da.

Parte hartu duten Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako proiektuen artean nagusitu da Jone Zuluetak eta Paule Igartuak parte hartu duten ikusentzuneko lana."Berdintasun eskubidea jorratu genuen, beste herrialde batetik datorren herritar baten kasua eta harreman homosexualak dituen beste batena islatuz", azaldu du Jone Zuluetak. Zuri-beltzean egindako ikusentzunekoa da, "eta horrek are eta indar handiagoa ematen dio berez indartsua den mezuari", gaineratu du Paule Igartuak. 

Lanaren originaltasuna saritu dutela uste du Mikel Lopezek. "Asko landutako lana izan da, eta uste dut kontutan hartu dutela". Lopezek errefuxiatuen gaia islatzen duen ikusentzunezkoan parte hartu du, Julen Perezegaz batera. "Garai bateko eta oraingo egoeren arteko konparaketa bat egin gura izan dugu. Gaur egun, batzuek ez dute begin onez ikusten errefuxiatuen egoera. Baina, 1936tik 1939ra bitartean errefuxiatu beharra izan zuten hemen herritar askok eta askok".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!