Durangon ez dela aldaketa politikorik egongo aurreikusi du ikerketa soziopolitikoak

Markel Onaindia 2018ko mar. 20a, 09:59

Udalak ikerketa soziopolitikoa landu du, herritarren kezkak, beharrizanak eta balorazioak ezagutzeko. 2019ko udal hauteskundeetan, alderdiek zinegotzi kopuru bera jasoko lukete, horren arabera. 

400 inkesta egin dituzte urtarrilean eta otsailean. Iritzi hori kontuan izanda, EAJk 8 zinegotzi lortuko lituzke, EH Bilduk 7, Herriaren Eskubideak 3, PSE-EEk 2 eta PPk 1. Aitziber Irigoras (EAJ) da ondoen baloratuena, 51,38ko notagaz. Dani Maeztuk (EH Bildu) 22,60 lortu du; Pilar Riosek (PSE-EE) 21,25; Julian Riosek (Herriaren Eskubidea) 12,05 eta Fran Garatek (PP) 7,60. 

Bestalde, Durango bizitzeko leku atsegina dela esan dute inkestatuek, 10etik 8,2ko nota emanez. Osasuna, kirola, kultura eta gizarte zerbitzuak dira gehien baloratutako zerbitzuetako batzuk. Herritarrei berba emateari garrantzia eman dio Aitziber Irigoras alkateak. "Udal ireki eta garden batek bere herritarren parte-hartzea kontuan izan behar du eta burutu den inkesta, durangar guztien esku jartzen den parte-hartzeko beste tresna, beste kanal bat da", esan du alkateak.

Kutsadura, kezka nagusiena
Herritarren kezka nagusienei dagokionez, %15,3k kutsadura aipatu dute. Aparkaleku gabeziak %15 eta argiztapen publikoak jarraitzen diote %10. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!