Sapuetxe eraikin sozialaren inguruko txosten juridikoa eskatuko du EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 19a, 20:00

Biharko bilkuran EH Bilduk Montevideo kalean dagoen eraikinaren inguruko txosten juridikoa eskatuko duela jakitera eman dute Dani Maeztu eta Eider Uribe zinegotziek.

EH Bilduko kideek jakitera eman dutenez, 1964an eraikina legez kanpo egitea baimendu zuten arduradunen erantzukizun publiko eta pribatuak eskatzea ezinbestekoa da, horretarako eskatuko dute txostena. Horrez gain eraikina eraisteko prozesua bertan behera uztea ere eskatuko dutela esan dute.

EH Bilduko kideek jakitera eman dutenez Durangoko Udalak eta URA Agentziak 850.000 euro ordainduko dituzte eraikin pribatu bat bota eta hainbat aldaketa egiteko. "Diru publiko hori eraikin pribatu bat botatzeko erabili behar badute, diru hori zergatik erabili behar den herritarrei azaltzea ezinbestekoa dela uste dugu" adierazi du Maeztuk. Uribek, berriz, beste gauza batzuetarako dirurik "ez" dagoenean eraikin pribatu bat botatzeko diru partida hori erabiltzea ez dutela "ondo ikusten" esan du. Horrez gain, udalak eta URA Agentziak sinatutako hitzarmenaren berri prentsaren bitartez izan zutela salatu dute.  

Durangoko EH Bildukoek jakitera eman dutenez 1961ean Alejandro Amilibiak Montevideo kalean bost pisuko eraikina eraikitzeko eskaria egin zuen, eta 1964an Valentin Egidazu alkate frankistak baimena eman zion. "Lehen egunetik legez kanpo egon den eraikin bat izanik ez dugu ulertzen baimena nola eman zioten", adierazi du Uribek.  1970ean Auzitegi Gorenaren sententzia batek eraikina botatzeko eskatu zuen. "Baina, eraikin hori botatzeko ez zuten eskatu ez Durangoko Udalak ezta URA Agentziak", salatu dute EH Bildukoek. Beraz, orain, diru publikoarekin eraikin pribatu bat botatzea ulertezina egiten zaiela adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!