EHEren manifestazio nazionalera joateko autobusa aterako da Durangotik

Markel Onaindia 2018ko mar. 7a, 19:13

EHEk manifestazio nazionalera deitu du martxoaren 24rako, Iruñean, 17:30ean. Mugarik gabeko euskara, ofizialtasuna lemapean garatuko da. Durangoko kideek autobusa ipiniko dute, eta Plateruenean eta Intxaurren egongo da apuntatzeko aukera. 

EHEren esanetan, "euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak". Eta hori ez da kasualitatea euren ustez. Euskarak argi printzak ikusi arren, "badira indarrak, eta ez txikiak, euskara zulo beltzera itzularazi nahi dutenak", euskaltzaleek oharrean diotenez. "Frantziar eta Espainiar estatuetako botereak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin".

EHEko kiden iritziz, Euskal Herria berreuskalduntzea da etorkizuneko lanaren iparra, eta bide horretan, hilaren 24an Iruñera joateko deia egin dute. "Euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela ozen aldarrikatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!