Sapuetxeko kideak: "Garabiek ezin dituztelako ametsak txikitu, amesten jarraituko dugu!"

Anboto 2018ko ots. 27a, 20:00

Durangoko Udalak eta URA Agentziak otsailaren hasieran Sapuetxe botatzeko hitzarmena sinatu dutela jakitera eman zuten. Horren inguruan hurrengo gutuna idatzi dute Sapuetxeko kideek:

"Antza denez, hauteskundeetan egindako promesa gutxienetako bat beteko du udal gobernuak laster, hurrengo hilabeteetan: Sapuetxeren eraisketagaz hastea. Erreka aitzakia moduan jarrita, Sapuetxeren eraisketa zuritzeko muntaia dotore bat asmatu dute, herriko jendea pozik geratzeko. Argi geratu da udal gobernuaren 2018ko apustua nortasun eta historiaz betetako eraikinak eraistea dela, erakusleiho bat ematen duen porlanezko Durango bat eraikitzeko.

Guretzat Sapuetxe eraikina bera ez da helburu bat, gure ametsak betetzeko eta helburuak lortzeko baliabide bat baizik. Materialari beste edozeri baino garrantzi gehiago ematen zaion gizarte materialista honetan, guk beste balio batzuei ematen diegu garrantzia, eta horregatik jarraituko dugu amesten, helburuak lortzeko balibide berrien bila. 

Sapuetxek eman diguna ez digu inork kenduko, eta ezin ditugu ahaztu bertan garatutako maitasun, adiskidetasun eta elkartasun harremanak. Pertsona eta kolektibo piloa pasatu da hemendik eta horrek asko aberastu du proiektua. Denoi esker hau erresistentzia gune bat izan da eta esperientzietatik ikasten saiatu gara, gure buruak heziz eta pertsona moduan haziz.

Apirila ospakizun hilea izango da, urte hauetan guztietan bizitakoa berriro bizitzeko. Sapuetxeren historian hemendik pasatutako denok gonbidatzen zaituztegu elkarrekin bizitako guztia ospatzeko.  Jarraitu dezagun gune autogestionatuak sortzen eta erabiltzen. Garabiek ezin dituztelako ametsak txikitu, amesten jarraituko dugu!"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!