Aitziber Irigoras ez da aurkeztuko 2019ko udal hauteskundeetara

J.G./M.Z. 2018ko ots. 15a, 11:43

Aitziber Irigorasek 2019ko udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarri du gaur goizean Durangoko Batzokian emandako prentsaurrekoan. Aste Santurako hautagai berria izango dutela aurreratu du EAJk. Bestalde, Deustuko Unibertsitatera lanera itzuliko dela jakitera eman du Irigorasek.

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Ander Gorrotxategi Uri Buru Batzarraren presidenteak deitutako prentsaurrekoan eman dute albistea. Aitziber Irigorasek azaldu duenez, Durangoko EAJren asanbladan hurrengo hauteskundeetara ez zela aurkeztuko aurreratu zuen, atzo. Eskerrak eman dizkie alderdikide guztiei, eta alkate izatea "ohore bat" dela esan du.  Bereziki Juan Jose Ziarrusta eta Natxo Martinez izan ditu gogoan interbentzioko parte pertsonalenean.

Irigoras 2008az geroztik da Durangoko alkate. Juan Jose Ziarrusta hil zenean izendatu zuten alkate eta ondoren, bi legegintzalditan irabazi ditu hauteskundeak. Beraz, 10 urte daramatza alkatetzan eta 15 urte udal arduradun lez, aurretik zinegotzi izan baitzen.

Gorrotxategik eskerrak eman dizkio "konpromisoagatik eta ausardiagatik", eta Atutxak alderdi osoaren izenean egin du gauza bera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!