Turistetako asko euskaldunak dira, 7.050 hain zuzen ere. Estatutik etorritakoak 5.940 dira, euretako gehienak madrildarrak (2.650). Kataluniatik 569 etorri dira, Frantziatik 490, Alemaniatik 177... Durangok 222 plaza ditu hoteletan, eta nabarmentzekoa da urte osoan 33.900 plaza erabili direla. 3.779 bisita turistiko audiogida bidez egin dituzte, 1.500 bisita gidekin, eta beste 1.000 era pribatuan antolatutako gidekin. Bestalde, zinerako pelikulen grabaziorako eszenatoki ere izan da Durango, eta horrek ere lagundu du bisitak igotzen.
Aitziber Irigoras alkatearen ustez, hazkundeak agerian uzten du Durangok "gero eta interes handiagoa" sortzen duela. Baina, aparte, bisitarien eskakizunetara moldatzeko gaitasuna ere hazkundearen oinarrian dagoela adierazi du alkateak. Iker Oceja turismo zinegotziak turismoaren arlotik egindako lana baloratu du. "Urte askoan egindako lanaren fruitua ikusten ari gara". Natalia de Naveran Turismo Bulegoko teknikariaren esanetan, Bizkaiko Aldundiak turistei eginiko inkestei esker marketing hobea egin ahal dute herrietan ere.
'Saltoka' jolasa
Bestalde, Naveranek azaldu du bisita askotan umeak etorri izan direla ohartu direla, eta horregatik, turismo familiarra indartu gura dute. Norabide horretan, Saltoka izeneko jolas bat sortu dute, bulegoan 3 eurotan salduko dutena. Durangoko datuak eta informazioak oinarri direla, mapa batek eta karta joko batek osatzen dute jolasa.