Dantzari 'hipsterrak', Astarloa anaien omenez

Markel Onaindia 2018ko urt. 13a, 12:30

Ekintza kultural eta herri mugimendu ugaritan ibilitakoak dira Jose Antonio Azkorbebeitia abadiñarra eta Antton Mari Aldekoa-Otalora iurretarra. Saltsa askotako perrexilak, inondik ere. Kasu honetan, biak elkarrekin dantzan topatu ditugu. 2001eko abenduan, Durangoko Azokaren testuinguruan ateratako argazkia da.

Astarloa anaia euskaltzaleei omenaldi lez, banango zaharra eskaintzea erabaki zuen Gerediagak egun haietan, eta Azkorbebeitia eta Aldekoa-Otalora izan ziren plazara irteteko hautatuak. Elegante irten ere, amerikana eta txaketa dotoreak jantzita. Harek bai bizarrak, eta ez oraingo hipsterrenak!

Geroztik, egin ote dute dantzan berriro elkarrekin? Auzolanean bai, seguru elkarrekin ibili direla, gazte batzuk betirako dira-eta gazte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!