Durangoko udal aurrekontuan herritarren partaidetza egon ez izana kritikatu dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak

Markel Onaindia 2017ko abe. 19a, 20:14

Durangok badauka 2018rako udal aurrekontua. EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak ez du beste inoren babesik jaso, baina PP abstenitu egin da eta gobernuaren eta oposizioaren arteko berdinketa hautsi du. 30 milioi euroko aurrekontu "errealista eta orekatua" dela esan du Pilar Rios alkateordeak, eta "ukitu sozial handikoa"  ere bai. 

Besteak beste, gazteleku baten sorrera eta langabeentzako laguntzak aipatu ditu adibide lez Riosek. Gainera, garrantzi berezia eman dio berdintasun arloko politikari. Horien artean, jabekuntza eskola sustatzen, kaleei emakume izenak jartzen, eta herri eragileekin akordioak lantzen jarraituko dutela esan du sozialistak. 

Alderdien ika-mika
Goiztidi Diazek oposizioari kritika egin dio, adostasunera ez heltzeagatik. "Lanean hasteko" deia egin die. Ostera, Eider Uribe eta Jorge Varelaren ahotan, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak salatu dutela batzordeetako presidente bakarrak eman diela aurrekontuari buruzko informazioa. 

Oposizioko alderdiek hainbat arrazoi eman dituzte aurka bozkatzeko. Oinarrian, aurrekonturako herritarren partaidetza sustatu ez izana ez dute begi onez ikusi. Gainera, duela hile batzuk parte-hartze ordenantza onartu zela gogoratu dute, eta bertan aurrekontuak era zabalean lantzeko aukera jasotzen dela. Riosek erantzun die denbora behar dela hori martxan jartzeko. EH Bildu 2016ko aurrekontuan abstenitu egin zen, baina Uribek azaldu du orduko proiektu batzuk oraindik egiteke daudela, eta hori dela gaur aurka bozkatzeko beste arrazoi bat.

PPren 10 zuzenketa txertatu dituzte aurrekontuan, batez ere herriko iturri eta monumentuen berrizteagaz lotutakoak, eta horren ondorioz, Fran Garate abstenitu egin da bozketan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!