Gorka Frailek eta Badajozen dauden euskal presoek 24 orduko baraualdia egingo dute abenduaren 8an

Gorka Fraile 2017ko aza. 22a, 17:43

Bakearen artisauek abenduaren 9rako antolatutako manifestazioaren harira gutuna idatzi du Gorka Fraile preso durangarrak.

Hauxe da bere gutuna, berbaz berba:

Bakearen artisauek deiturik, presoen auzia konponbide bidean jartzeko abenduaren 9an Parisen burutuko den manifestazioari gure atxikimendua adierazteko, Badajozen bahituta gauden euskal preso politikook gutun hau ahalik eta era publikoenean zabaltzea erabaki dugu.

Ekimen honekiko gure konpromisoaren adierazgarri, abenduaren 8an, 24 orduko baraualdia burutuko dugu eta 9an bisitaldietan greba egingo dugu ahalik eta jende gehien Pariseko hitzordura joatea ahalbidetzeko.

Presoen egoerak berehalako konponbidea behar du, eta horren adierazlerik gogorrenetakoa da gaixotasun larriak dituzten kideek bizi duten egoera. Espetxe honetan badugu horren adibiderik. Dakizuen bezala nik, Gorka Fraile Iturraldek pairatzen dudan minbizia. Espetxe honetatik haratago, Ibon Iparragirreren kasuak aipamen berezia merezi du. Ondo dakizue IHESA diagnostikatuta duela eta defentsa guztiak galdu ditu. Ondorioz bere bizia arriskuan dago. Hala ere, oraindik preso mantentzen dute. Espetxe politikaren krudeltasuna norainoiritsi daitekeen ongi baino hobeto ikusi dugu espetxe honetan, pasa den uztailaren 31an gure kide Kepa del Hoyo zenak lau pareta hauen artean bizia galdu zuenean.

Salatu nahi dugu gainera, espetxe politikaren biktima bakarrak ez garela presoak, gurekin sufritzen baitute seme-alabek, bikoteek, gurasoek, senideek eta lagunek. Astebururo gu ikusteko ehundaka kilometro egitera beharturik daude eta horren ondorioz, 2017an zehar, 8 auto-istripuren biktima izan dira. Azkena, Asier Garciaren bikotekideak jasandako auto istripua.

Euskal Herria eta presoen askatasunaren alde mobilizatzera deitzen zaituztegu. Abenduaren 9an Parisen daukagun hitzordua azken urtetan burutu den mobilizazio erabakagarriena izango da.

Guztion ahaleginarekin amaituko dugu sakabanaketa eta deserriratzearekin. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikarik gabeko Euskal Herria.

Larriki gaixo dauden presoak kalera!

Euskal presoak Euskal Herrira!

Amnistia-independentzia!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!