‘Agurrik gabeak’ ekitaldian transmisioaren inguruko bizipenak azalduko dituzte

Jone Guenetxea 2017ko urr. 28a, 10:30

Durango 1936 kultur elkarteak Agurrik gabeak ekitaldia antolatu du Plateruenean, domekarako, 19:00etan. Urtero legez, memoria historikoa berreskuratu guran, omenaldi xumea eskaini gura diete faxismoaren kontra borrokatu zirenei.

Edizio honetan, elkarteak memoria historikoaren transmisioan sakondu gura du. Horretarako, Durangaldeko bi familien bizipenak lehenengo pertsonan azalduko dituzte. Familia bakoitzeko hiru belaunalditako ordezkariekin berbetan transmisio hori zelan bizi izan duten azalduko dute. Alde batetik, Eulogio Esturo, Idoia Esturo eta Julen Guttadauro izango dira Durangoko antzokian familiako bizipenak kontatzen. Eulogioren aita gudaria izan zen eta kartzelan egon zen urte askoan. Osaba ere errepresaliatuta egon zen.

Bestetik, Mari Tere Larruzea, Marisa Barrena Larruzea eta Ixone Aroma Barrena arituko dira. Mari Tere Larruzea Pedro Uriguen gudari zornotzarraren lobetako bat da. Iazko maiatzean osabaren gorpuzkiak jaso zituzten Mendatan egindako indusketan. Izan ere, 2015eko abuztu amaieran Gerra Zibilean hildako pertsona baten hezur batzuk aurkitu zituzten herri horretako Marmiz auzoan egiten ari ziren indusketa eta prospekzioetan. Pedro Uriguen gudari zornotzarrarenak izan zitezkeela uste zen. DNA azterketak egin zituzten hori segurtatzeko, eta emaitzek susmoa egiaztatu zuten: Pedro Uriguenenak ziren hezurrak.

Kristina Mardaras bertsolariak gidatutako ekitaldian, urtero legez, lore eskaintza eta dantzariak ere izango dira. Ander Ertzilla musikari durangarrak ere emanaldia eskainiko du Plateruenean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!