"Joan zen eguen gauean Haitz etorri zen mundura, Aitziber Coello eta Asier Aginako presoen umea, familia pozez bete duena. Lehenik eta behin, adierazi gura dugu ama eta umea ondo daudela. Gainera, Alacantetik Valentziako kartzelara eraman dituzte, eta lehen baino baldintza hobeak ditu Aitziberrek. Isolamenduan hiru orduko patio eskubidea edukitzetik, 08:00etatik 20:00etara irteteko aukera edukitzera pasa da, adibidez. Egun pozgarriak diren arren, ezin ditugu isildu ospitalean bizi izan genituen trabak zein informazio falta, eta hori salatzera gatoz. Aitziber une askotan bakarrik egon da, batez ere gauetan. Umea zesareaz eduki duela gehitu behar zaio; horrelakoetan, altxatzea kostatzen zaizu, eta umea hartzeko-eta ez zaude guztiz ondo. Uneoro alboan behar gintuen.
Alacantera bidean, telefonoz hainbat bider deitu genuen ea zelan zegoen jakiteko, eta ez ziguten ezer esan. 8 ordu luze ospitalera heldu arte. Gauez ospitalera ailegatzean, bere gelan ez zegoen, eta erditze gelako txirrina jotzean, ez ziguten ezer esan. Gero, gelara beste nonbaitetik igo zuten, eta hara joatean, poliziari galdetu genion ea ikusi ahal genuen. Segituan altxatu zen, atea itxi eta ‘no!’ erantzun zigun. Ez genekien zelan joan zen erditzea, zelan zeuden biak, zesareaz izan zela... Atetik ez ginela mugituko esan genien. 23:00etan jaio zen Haitz, eta 01:30ak arte ez ginen enteratu. Beranduago, 04:00etan, polizia batek minutu batez sartzen utzi zion Nekaneri. Minutu bakar batez.
Barikuan, hasieran, ospitalean zegoen bitartean inork ezingo zuela ikusi esan ziguten. Abokatuak ospitalera eta kartzelara deitu zuen, eta azkenean, ikusi ahal izan genuen, banaka. Bestalde, Asier ere eraman zuten bisitan; hasieran ordubetez ikusteko, azkenean hogei minutuz.
Zapatuan, polizien eguerdiko txanda aldaketan, emakumeok ezingo genuela sartu esan ziguten, polizia biak mutilak zirelako eta katxeatzeko neskarik ez zegoelako. Neska bat ekartzeko eskatu genien, eta ezetz, txanda horretan ez zegoela neskarik. Aitziberren lehengusinaren bikotekidea sartu ahal izan zen bakarrik.
Domekan, ostera, amak ordu asko pasa ahal izan zituen beragaz.
Ospitalekoek hasieran ez ziguten informaziorik ematen, baina bestela, mediku eta erizainen tratua ona izan zen. Kartzelako pedagogoa ere oso jatorra izan zen; Valentziaraino lagundu zion anbulantzian, adibidez.
Senideontzat, Haitz jaio izana emozio leherketa bat izan da. Traben gainetik, ospitalean beragaz lasai egon ahal izatea itzela izan da. Gainera, eskerrak eman gura dizkiegu egunotan ardura eta babesa erakutsi dizkiguten lagun eta herritar guztiei. Aitziber eta Haitz 2 urte eta 7 hile barru etorriko dira etxera; Asier 3 hile arinago irtengo da kartzelatik.
Euskal presoak etxera ekarri behar ditugu, senideon kilometro basakeria eta horrelako injustiziak amaitzeko. "
Nekane Coello eta Goiuri Aginako ( Aitziber Coello, Asier Aginako eta Haitzen senideen izenean)