41 herritar modelo bihurtuko dira barikuko Fashion Gauean

Markel Onaindia 2017ko ira. 25a, 14:30

Elkartera batu berri den Gran Hotelen egin dute aurkezpena.

Dendak Bai elkarteak udalaren laguntzaz antolatzen duen desfilea 20:30ean hasiko da Andra Marian, L'atelier dantza eskolako kideek egingo duten inaugurazio bategaz. 25 komertziok parte hartuko duten ekitaldian udazkenerako eta negurako proposamenak ikusi ahal izango dira. 

Ekainean egindako castingera 80 bat herritar joan ziren, eta horietatik 60 hartu zituzten desfilerako. 41 amateurrak dira, eta 19 profesionalak. Pasarelara igota, Durangoko komertzioaren sustatzaile ere izango dira. Izan ere, "herriko merkataritzaren ahala erakustea" da helburuetako bat, Alex Palacios Dendak Baiko presidentearen esanetan. Aitziber Irigoras alkatearen ustez, erosketak herrian bertan egitea ere bada indartu gura duten ideietako bat. "Merkataritza lokalak bizitza ematen dio herriari", adierazi du udalbatza osoaren izenean ekimenari babesa eman dion alkateak. 

Sariak
Aipagarria da sariak eskainiko dituztela Dendak Baikoek. Egunotan boletoak banatuko dituzte kalean eta etxeetan, eta barikuan, deskontu bonoak zozkatuko dituzte. Gainera, duela hile gutxi elkartera batu den Gran Hotelek ekarpena egin du, eta bertan gau bat pasatzea izango da beste sari bat, gosaria eta spa barne. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!