Zubiak eraikiz hasi dute ikasturtea Maristetan

Markel Onaindia 2017ko ira. 8a, 15:14

Duela 10 urtetik hona, modu berezian ematen diote hasiera ikasturteari Maristak ikastetxean. Erronka bateratu bat ezarri eta taldeka egiten dute lan, ikuspuntu sozial bategaz. Gaur, munduko gatazken konponbide izan gura duten zubiak eraiki dituzte. Kultura eta ikuspegi desberdinak eta komunikazioa irudikatu gura izan dituzte, Hostaizka Sainz komunikazio arduradunaren arabera. 

Ikasgeletan goizetik hasi dira lanean, 550 bat ikasle. Zubi onenak hautatu, eta eguerdian patioan elkartu dira ikastetxeko onena zein den ikusteko. Gaurko metodo kolaboratiboa, ikasturterako eredu lez hartuko dute ikasleek. Izan ere, talde-lana da ikastetxeko zutabeetako bat. Xabi Ametzazurra ikasketa buruaren esanetan, ikasleen autonomia eta pentsamendu kreatiboa lako balioak sustatzen saiatzen dira horrela. "Konturatu gara, enpresetan zein kalean zeharkako balio horrek ere garrantzitsuak direla, gaitasun teknikoez aparte".

Horrez gainera, erronka bidezko hasiera hau ikasle berriek lotsa galtzeko modu egokia dela ere uste du Ametzazurrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!