Marina Ealo harrituta agertu da egunotan bere kritikak eduki duen eraginagaz, baina joan zen asteko batzarraren ostean, isilik ez geratzea erabaki zuen. Bere arabera, ez da lehen aldia izan; otsailean ere gaztelania hutsean egin zuten eskola kontseilua. "Ekainean berriro gauza bera gertatu da. Ez zait normala iruditzen, larria baizik", uste du ikasleen ordezkariak. Alemana ikasten dabil, eta beste zentro bateko irakasle da. Batzarraren amaieran berba egin zuen euskararen erabilera defendatuz, eta "atentzioa deitu" ziotela dio, gaztelaniaz jarraitzeko esanez.
Ealoren esanetan, 25 lagunek osatzen dute kontseilua, eta bakarrak ez zekien euskaraz. Antza, irakasle horrek "jarrera zalapartaria" eduki zuen bere hitzartzearen unean. Beste kontseilukideak isilik geratu zirela-eta, harrituta dagoela gaineratu du. "Eskola kontseiluan gauzek horrela jarraitzen badute, ez noa gehiago parte hartzen", iragarri du Ealok.
Zuzendaritzaren barkamena
Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak oharra bidali du ANBOTOra, egunotako eztabaidaren ostean. "Gaztelaniaz jardun genuela aitortu behar dugu bileran geundenetako hamasei lagunetik bik euskara ez dakitelako eta hirugarren batek A1 maila gainditu berri duelako. Horrekin ez dugu geure burua ezelan ere zuritu nahi, argi dago ez genuela behar bezala jokatu". Minduta sentitu direnei barkamena eskatu die zuzendaritzak. "Hau guzti hau, hemendik aurrera, kontuan hartuko dugu eskolako funtzionamendurako", esan dute oharrean.
Ohar horren erreakzio lez, Berbaro elkarteak akatsa onartu eta neurriak hartzea "aurrerapausoa" dela dio. "Durangoko Hizkuntza Eskola bidelagun dugu euskararen hedapen eta sustapenean eta hemendik aurrera ere, horrela izan dadin lanean jarraituko dugu".