Durangoko gobernuak 200 ekintza iragarri ditu datozen 2 urteetarako

Markel Onaindia 2017ko uzt. 3a, 18:58

2019ra arteko gestio planaren berri eman du EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak. Merkatu plaza berritzea, Antso Estegizeko konponketak, Aramotz Berritu proiektua, San Faustoko Kapitanena baserria egokitzea, webgunea eraldatzea, hirigintza genero ikuspegitik antolatzea, txakurrak solte ibiltzeko guneak atontzea eta zebra-bideak hobetzea dira ekintza garrantzitsuetariko batzuk. 

Aitziber Irigoras alkateak eta Mari Jose Balier eta Pilar Rios alkateordeek eman dute prentsaurrekoa, udaleko idazkariak, kontu-hartzaileak, arkitektuak eta erakunde autonomoetako presidenteak lagunduta. Izan ere, zazpi horiek udaleko zuzendaritza taldea osatzen dute; proiektuak epeetan jarri eta jarraipena egiten diete. 2016ko urritik ibili dira gestio plana lantzen. Merkatu plazako proiektuaren inguruan galdetuta, informazioa aurrerago emango dutela adierazi dute.

Antolaketan ere aldaketak egiteko asmoa dute. Nagusia, udal batzordeei lotutakoa; zazpi batzordetatik hirutara pasa gura dute. Antolaketa, Herritartasuna eta Lurraldea izango lirateke, osoko bilkuran onartu beharrekoak. Hain zuzen, 200 ekintzak hiru adar horien baitan zehaztu dituzte. Momentuz, 2017ko udal aurrekontua onartu barik dago, baina ez omen da arazo izango proiektuekin aurrera egiteko.

Erronka eta helburuak
Irigorasek esan du "Durango erakargarriagoa, kohesionatuagoa, ongizate maila altuagokoa, berdintasun gehiago bermatzen duena, identitate propioduna, parte-hartzailea, euskalduna, jasangarria, dinamikoa eta gizarte eta ingurugiro mailan konprometitua" lortu gura dutela planagaz. Riosen arabera, "herritarren bizi kalitatea hobetzea" da helburu nagusia, eta planagaz egin duten "eredu aldaketa eta esfortzua" nabarmendu ditu. Balierren esanetan, herritarrei begirako "hirigintza atsegin eta erosoa" garatzeko nahia agertu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!