EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du Landako Gunean, eta gestio publikoa hartzeko erabakia "berandu" datorrela salatu du. Hainbat bider berba egin du koalizioak gaiaz, eta 2014an pauso hori ematea eskatu zuen. Izan ere, espazioak zorrak sortzen zizkion udalari. Gainera, oposizioko lehen indarrak argitaratu du batez ere udala izan dela Landako Gunearen bezero nagusia; 2017an erabilitako 65 egunetatik 50 udalak ordaindu ditu, eta 2016an 104tik 75. Prentsaurreko emaleen arabera, gunea batez ere erakunde pribatuen alokairuagaz finantzatzea izan zen gobernu taldearen hasierako helburua.
Eider Uribek eta Dani Maeztuk adierazi dute "lotsagarria" dela Durango erdian dagoen horrelako espazio bat urte eta erdian 365 egunez itxita egotea; durangarrek zergekin ordaintzen duten espazio hori ez dela erabiltzen kritikatu dute.
Bestalde, egungo bost beharginen subrogazioa eskatu dute, behintzat lanpostuak lehia publikora atera bitartean.