'Zaindu maite duzun hori', komertzio txikia bultzatzeko ekimena

Markel Onaindia 2017ko mai. 29a, 14:23

Bariku honetan deskontuak, promozioak eta zozketak egingo dituzte Durangoko 40 bat komertziotan, Dendak Bai elkarteak udalaren laguntzaz antolatu duen ekimenean. Gainera, arratsaldean umeentzako tailerrak eta musika egongo dira Ezkurdin, Madalenan eta Andra Marian. Herritarrak tokiko merkataritzak duen garrantziaz kontzientziatzea da antolatzaileen helburua.

Ruper Ordorikaren abesti ezaguna erabili dute egunari izena ipintzeko. "Durangoko merkataritza guztiona da, eta zaindu egin behar dugu", esan du Aitziber Irigoras alkateak. Komertzio txikiek eskaintzen duten "kalitatea, profesionaltasuna eta hurbiltasuna" nabarmendu ditu alkateak. 

Amaia Munitxa, Amaia Palacio, Asun Lopez, Agurne Azkarate eta Alex Palacios egon dira aurkezpenean, merkatarien ordezkari lez. Arentza argazki dendako Palaciosen esanetan, "bezeroei eskerrak emateko modu bat" ere bada barikuko ekimena. Baina, herriko komertzioak bizi duen egoeraz ohartarazi gura izan dute. Folderreko Amaia Palacioren arabera, "erosketak egiteko ohitura aldatu egin da; gero eta gehiago dira Interneteko atarien bidez erosten dutenak". Horren ondorioz, zabaltzen diren komertzio asko denbora gutxira zarratu behar izan direla diote.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!