Fran Garateren auzia

Aitziber Irigoras: "Ematen du batzuei gure herrian demokraziaren normalizazioan bide luzea gelditzen zaiela"

Anboto 2017ko mai. 23a, 20:57

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak komunikatua kaleratu du, gaur arratsaldeko plenoa bertan behera gelditu eta gero.  Sexu abusu saiakeragatik salatutako Fran Garate zinegotziaren dimisioa eskatzeko hainbat feministek Durangoko plenoa eten dute abesti bat kantatuz. Alkateak azaldu duenez, "pertsona batzuek erakutsi duten errespetu eta konpromiso falta instituzioarenganako eta ordezkatzen duenarenganako irain bat da". 

Durangoko alkateak gogor kritikatu du gaurko plenoan gertatutakoa. Jeltzaleak azaldu duenez, "durangarrak ordezkatzeko aukeratuak izan ginen . Ezin dugu onartu herritarrekin eta demokraziarekin hartutako konpromisoarenganako mespretxu hau". Gaineratu duenez, "herrian bizitako azken gertaerek eta  gaurkoak iraganeko jarrerak ekartzen dizkigute gogora. Beldurrezko eta indarkeriazko iragan bat, aspaldi atzean gelditu behar zena".  Irigorasek idatzian dioenez, "ematen du batzuei gure herrian demokraziaren normalizazioan bide luzea gelditzen zaiela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!