Gure Esku Dago

600dik gora boto jasota, gehiagoren bila doaz Durangon

Anboto 2017ko mai. 5a, 19:43

EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta Podemos-Ahal Dugu alderdietako kideek batera bozkatu dute gaur arratsaldean, Artekaleko lokalean. Gure Esku Dagokoak bihar ere bozkalekua goizez eta arratsaldez zabaltzera animatu dira azken orduan.

Dagoeneko 600dik gora dira bozka aurreratuaren aukera erabili duten durangarrak. Domeka kanpoan pasako dute askok, eta mugimenduko kideek botoa aurretik emateko eskaintza egin dute hainbat herritan.

Parte-hartzearen ohitura hartzea ona dela uste dute EH Bildukoek. "Erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, euskaldunei galdetuz. Ez Madrilen, eta are gutxiago bulego itxietan", esan du Dani Maeztuk, PP eta EAJren arteko estatu mailako akordioari erreferentzia egiten. Galdeketa honen bidez, estatu independente baterako atea zabalduko duen kontsulta ofizial batera ailegatzeko esperantza agertu du. 

Herriaren Eskubideko Julián Ríosek herritarren gogoa nabarmendu du: "Jendeak parte hartzeko gogoa duela ikusten da prozesu honetan; kontsultatuak izatea gura dute, gai honetan lez beste guztietan". Gainera, partaidetza hedatu behar dela uste du. "Prozesu konstituziogile batera heltzea beharrezkoa da, demokrazia tresna izanda, herritarrek era aktiboan parte hartu ahal izateko", azaldu du Ríosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!