Gure Esku Dago

400 durangarrek dagoeneko bozkatu dute Gure Esku Dagoren galdeketan

Markel Onaindia 2017ko mai. 3a, 19:42

Domekan ospatuko da herri-kontsulta, baina herritar askok erabaki dute bozka aurreratuaren aukeraz baliatzea. Gaur bertan, Aitziber Irigoras alkatea ere hurreratu da Artekaleko egoitzara parte hartzera, EAJko beste hainbat kidegaz batera.

Irigorasek esan du gogotsu eman duela botoa. "43 urte dauzkat, eta lehenengo aldiz galdetu didate mota honetako galdera bat. Aukera izan dut eta gogoa neukan erantzuteko. Ekimen ona dela uste dut, abantailak baino ez dizkiot ikusten", azaldu du alkateak. Beragaz batera, EAJko zinegotziek ere eman dute iritzia hautetsontzian.

Barikura arte
Durangon barikura arte eman ahalko da bozka aurreratua, 18:00etatik 20:30era.  Zornotzan bihar (eguena) izango da azken eguna; 16:30etik 21:00etara Luis Urrengoetxeako lokalean. Elorrion, bihar 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute Berrio-Otxoako egoitza, eta barikuan goizez bakarrik. Abadiñon, barikura arte egongo da aukera, 18:00etatik 20:00etara, Trañaetxosten duten lokalean. Zaldibarren pasa da dagoeneko bozka aurreratuaren txanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!