Gure Esku Dago

Piñol, Biurrun eta Mintegik erakitzeko eskubideaz jardun zuten atzo Plateruenean

Anboto 2017ko mar. 24a, 12:18

Kafe antzokia lepo bete zen Elixabete Piñol, Garbine Biurrun eta Laura Mintegiren hitzaldian.

Durangaldeko Gure Esku Dagok antolatutako hitzaldia Elixabete Piñolek hasi zuen. Piñolek erabakitzeko eskubidearen kontra erabiltzen diren argudio nagusiak zerrendatu eta haiei erantzun zien. Esaterako, erabakitzeko eskubidea ez dela existitzen diotenean. “Gogoratu behar da nazioarteko itunetan herriek duten autodeterminazio eskubide hori araututa dagoela, aspalditik gainera”, azaldu zuen. Eskubide zibilen eta politikoen nazioarteko ituna eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen nazioarteko ituna aipatu zituen adibide moduan. Baina itun horiek koloniei begirakoak direla da jarraian egiten den beste kritika bat. Beraz, Euskal Herrian edo Katalunian ez dela aplikagarria. “Honen aurrean azken urteetan eman diren kasuak gogoratu besterik ez dago”. Alemaniaren, Txekia eta Eslovakiaren edo eta Kroaziaren kasuak aipatu zituen.

Sarritan entzuten den kontua da, baita, zergatik erabaki behar duen, esaterako, Euskal Herriak edo Kataluniak Espainia osoari dagokiona. Hau da, nori dagokio erabakitzea? “Erresuma Batuan argi izan zuten eskoziarren esku geratu behar zela erabakia. Gaurkotasuna duen beste adibide bat hartuta, ‘Brexit’-aren inguruan ez diot Madrilgo inori entzun Europar Batasuneko hiritar denei dagokiela erabaki hori hartzea”.

Garbine Biurrunek sentsazio batetik abiatu zuen bere mintzaldia. “Batzutan sentsazioa dut gure bizitza kolektiboa beste batzuk kontrolatzen dutela eta sentsazio hori oso deserosoa egiten zait. Gustatuko litzaidake herri moduan gure bizitza baldintzatzen duten gaien kontrola izatea”. Zertarako kontrol hori? “Pertsona osoa izateko. Denok gara gizakiak, baina gauza bat da gizakia izatea eta beste bat pertsona osoa izatea, eta osoagoak izango gara gure bizitzako hainbat arlo kontrolatzen baditugu. Gure ardura delako. Gutako denona”.

Ildo horretatik, politikariek “herritarrek agindutakoa bete” behar dutela azaldu zuen. “Guk definitu beharko genituzke lerro nagusienak. Baita estatuekin mantendu nahi dugun hartuemana  ere. Hori ere gure erabakitzeko eskubidearen esparruan kokatzen dut”. Baina estatuekin hartueman hori definitzeko galderak badu zentzurik garai hauetan? “Bai badu. Oinarrian printzipio demokratiko bat dago, hain zuzen ere gai publikoetan parte hartzeko eskubidea. Eskubide hori Konstituzioan aitortuta dago”. Konstituzioa ezin daitekeela horretarako traba izan aipatu zuen. “Konstituzioa gizakiak egiten du, ez da zerutik erori den zerbit. Eta Zuzenbidearen helburuak izan behar du gaur egun dauzkagun gatazkak konpontzea, etorkizunekoak prebenitzea eta, batez ere, pertsona denon oinarrizko eskubide denak gauzatu ahal izatea”.

Laura Mintegik erabakitzeko eskubideak autodeterminazio eskubidearen aurrean dituen abantaila eta desabantailak alderatu zituen. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzean “kolektiboa diluitu egiten da eta norbanakoan jartzen da garrantzia”, azaldu zuen. “Subjektu politikoa gutako bakoitza da, guztiok dugu eskubidea erabakiak hartzeko”.  Objektu politikoa, berriz, “momentu bakoitzean galdetzen dena da” eta hori abantaila bat zela adierazi zuen. Esaterako, Gure Esku Dagoren galdeketetan “herri bakoitzak bere galdera erabaki du eta hori oso erabaki inteligentea da. Aurrez ez dago ezer erabakita, herri bakoitzak planteatu du zer galdetuko duen”.

Ildo horretik, erabakitzeko eskubideak “aurrera” egiteko modua eskaintzen du autodeterminazio eskubideagaz alderatuta, batez ere kontuan hartuta zer egoeretatik gatozen. “Lubakietatik, konfrontaziotik, ez adostasunetik gatoz. Hemen aldiz sentsibilitate desberdinetako pertsonak daude, herriz herri erabakitzeko eskubideari buruz berba egiten; hain zuzen ere nor bere izenean mintzatzen delako eta ez alderdi edo ideologia jakin baten izenean”.  Era berean, erabakitzeko eskubidearen legitimitatea ez du ematen deialdia egiten duenak, “legitimitatea emaitzak ematen dio, horrek egiten du legitimo kontsulta bat”. Beraz, “ez dugu zertan itxaroten egon erakundeek konbokatzeko”.

 

konbokatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!