“San Faustoko zonalde hau etxez bete behar dute, eta fabrikak hemen utziko dituzte?”

Markel Onaindia 2017ko mar. 23a, 13:40
Ortiz eta Castilla, atzean euren etxeak eta fabrika bat dituztela.

“Lehen ez nintzen hain umore txarrez egoten”, aitortu du Lourdes Ortiz San Faustoko bizilagunak. Montorreta alboko Urkiaga Torre kalean etxea duten hainbat lagun nekatuta daude alboko fabrika bik sortzen duten zaratagaz, eta plataforma bat sortu dute. Ohartarazi dute legezko zarata maila pasatzen dutela, udalak egindako azterketa bat oinarri lez hartuta.

Sakonean, hala ere, etxeen eta fabriken arteko elkarbizitza arazoa dago Ana Castillaren ustez, eta fabrikak gero eta gehiago hazten dabilen auzotik kentzea eskatu du. “San Faustoko zonalde hau etxez bete behar dute, eta fabrikak hemen utziko dituzte?”.

Plataformakoen esanetan, udalak 2015ean egin zuen zaraten lehen neurketa, eta 2016ko azaroan bigarrena, enpresei neurriak hartzea eskatu eta gero. “Neurriak ez dira nahikoa izan, eta zarata mailak igo egin dira”, esan du Castillak. Bere iritziz, neurketak ere ez ziren ondo egin. “Dezibelioak neurtzera etorri zirenean, ez zituzten makinak martxan ipini. Zelako isiltasuna zegoen!”, kritikatu du.

“Gauez, ezin loak hartu”
Castillaren eta Ortizen iritziz, azken urteetan handitu egin da zaraten arazoa. 24 orduko ekoizpenaz gain, orain asteburuetan ere lan egiten dute. Euren arabera, gaueko zaraten eraginez loak hartzeko arazoak izaten dituzte. “Gau askotan ezin izaten dut atseden hartu. Gainera, lo egitea lortu arren, deskantsatzen al da horrela?”, adierazi du Ortizek. Enpresek deskargak egiteko orduak ez dituztela errespetatzen ere salatu dute.

Auzokideak udalagaz batzartu dira, eta beste ikerketa bat egiteko asmoaren berri eman die. ANBOTOren galderei erantzunda, udalak azaldu du zaratak murrizteko neurriak eta proposamenak aztertzen jarraitzen duela. “Arazoaren aurrean, udalaren jarrera eta borondatea beti maximoak izan dira. Durango bizitzeko leku egokiago bat izateko lanean dihardugu”, esan dute arduradunek.

“100.000 euro gastatuta”
Aeronautikan aritzen den CMI eta estanpazioko Hermanos Oñate dira bizilagunek aipatzen dituzten enpresak. CMI enpresako zuzendariak adierazi du egoera hobetzeko borondatea eduki dutela. “Neurriak hartzeko, 100.000 euro baino gehiago gastatu ditugu. Gu ere herrikoak gara, eta auzokideak pozik egon daitezen gura duten lehenengoak gara”, esan du. Hala ere, bere ustez, bizilagun guztiek ez dute iritzi berbera.

Egoera konpondu ezean, mobilizazioak egitea hausnartzen dabiltza plataformakoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!