Jose Maria Ampuero euskaltzalea gogoratu du Gerediagak, bere heriotzaren mendeurrenean

Markel Onaindia 2017ko mar. 13a, 12:16

Durangoko alkate izateaz gainera, euskal kulturaren aldeko ekintzaile izan zen Ampuero. Pinondoko Etxe Zurian bizi zen, geroago Paco de Lucía musikariaren oporleku izan zena, Ampueroren ondorengo bategaz ezkondu baitzen.

Karlista izan zen Ampuero, eta bando bien arteko gerra sasoian alkate izan zen Durangon, 1874an. Merinaldeko ordezkari eta Madrileko gorteetako diputatu ere izan zen gerra amaitu eta gero. Hala ere, batez ere euskaltzaleen artean pertsona garrantzitsua izan zelako gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Durangon eta Iurretan Euskal Jaiak bultzatu zituenetako bat izan zen, eta horri esker, Durangaldeko Dantzari Dantza eta Ezpatadantza berreskuratu ziren, Gerediagako kideen arabera "hilzorian" zeudenak orduan. Horrez aparte, nekazarien elkarteak ere bultzatu zituen, baita Nezcazariyen cartilachua Bizcaico Eusqueran liburua argitaratu ere.

Ampuerori buruzko informazio gehiago, gerediaga.eus webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!