Garate ez da agertu bibliotekari emakume izena ipintzeko ekitaldira

Markel Onaindia 2017ko mar. 8a, 14:10

Durangoko udal bibliotekari Bizenta Mogel idazlearen izena ipini diote ofizialki gaur, martxoaren 8an. Udaleko alderdi guztietako ordezkariak egon dira, astelehenean sexu abusuak egotzita atxilotutako PPko Fran Garate izan ezik.

Atzo goizean libre geratu zen Garate, epaileak auzia behin-behinekoz artxibatzea erabaki eta gero. Orain, salaketa ipini zuen emakumeak hiru eguneko epea dauka errekurtsoa jartzeko, hala egin gura badu. Udalak momentuz ez du zinegotziaren inguruko adierazpenik egin, baina eraso sexisten aurkako protokoloa aktibatuta dauka, eta babesa erakutsi dio emakumeari. Errekurtsorako epe honetan zer gertatuko den itxaroten daude, "emakumearekiko errespetuz", Pilar Ríos alkateordeak esan duenez.

Mogel, Uribarrena eta Abasolo
Udaleko berdintasun kontseiluak bultzatuta, herriko hiru espaziori emakume izena ezarriko die udalak. Musika eskola ondoko parkeak Aurora Abasolo soprano durangarraren izena edukiko du aurrerantzean, eta Arte eta Historia Museo ondokoak Benita Uribarrena faxismoaren aurkako borrokalari durangarrarena. Biblioteka Bizenta Mogel markinarraren izenagaz bataiatu dute gaur, plaka baten inaugurazioagaz; euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zen. Aitziber Irigoras alkatearen eta Ríosen arabera, historian zehar hainbat emakumeren lana "era sistematikoan ezkutatuta" egon da, eta "bidegabekeria historiko hori" amaitzeko helburuz ipiniko dizkiete emakume izenak espazio batzuei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!