Arbeo: “Gazteriak bereziki egoera prekarioa bizi du, eta plangintza berezitua behar du”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 4a, 12:00

Iraia Bejarano eta Ane Arbeo

2015ean ekin zioten etxebizitzaren inguruko gogoetari ‘Zabalduko Ditugu’ dinamikako gazteek. Durangon 1.576 etxe huts daudela salatu zuten, eta ikasturte berriari begira etxe horietako batzuk zabaltzea dute erronka. Durangoko Udalean gazteentzako alokairu sozialerako programa bat sortzea proposatuz mozioa aurkeztu dute, udalbatzarrean eztabaidatu dezaten. Aurretik, udal taldeekin batu gura dute. Martxoaren 9rako elkarretaratzera ere deitu dute udaletxean, 18:30ean. 

Durangon dauden etxe hutsak apurka-apurka zabaltzea duzue helburu. Zeintzuk pauso emango dituzue?
Ane Arbeo: Gazteentzako alokairu soziala eskatuz mozioa aurkeztu dugu udaletxean, ikusita etxe hutsak daudela —Durangon etxebizitzen %12 dira—,  gazteon egoera nahiko eskasa dela, eta gurasoen etxetik irtetea kostatzen zaigula. Gainera, uste dugu etxebizitzaren arazoari aurre egiteko udalak zabalik dituen bideak ez direla nahikoa.

Gazteentzat alokairu soziala. Hori da zuen aldarria. Zeintzuk dira zuen premiak gaur egun?
Iraia Bejarano: Kontuan hartu behar da lan munduan ere prekarioa dela gure egoera. Lan baldintza eskasak ditugu. Askok ez dugu kontraturik, eta diru sarrerak edukita ere ezin ditugu justifikatu. Adibidez, Durangoko Udalak bultzatutako Durango Alokairua egitasmoan, hainbat baldintza eskatzen dizkigute, eta nahiko beteezinak.
A.A.: Durango Alokairua ez da gazteentzat sortutako egitasmoa, durangar guztiei dago zabalik. Era berean, besteak beste, urtean 12.000 euroko diru sarrera izatea eta urtebeteko kontratua eskatzen dute. Halako iraupena duen kontratudun gazterik ez dago gaur egun. Esan beharra dago, herritar piloak eman zuela izena hasieran egitasmo horretan. Baina asko eta asko izan ziren atzera bota zirenak, ez zituztelako baldintzak betetzen. Beste alde batetik, badira gazteentzat etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak ere. Hala ere, diru-poltsa bat dago lotuta, eta asko gara laguntza hori behar dugun gazteak. Beraz, heltzen zaigun dirua eskasa da.

2014tik 2016ra 230 gazteri eman zaie etxebizitza alokatzeko diru-laguntza Durangon.
A.A.:  Bai. Hala ere, berdin dio zenbat gaztek ematen duten izena, diru bat dago horretarako. Berez, alokairuaren %50era arteko diru-laguntza lortu daiteke, baina inoiz ez da horrenbeste. Askok ematen dugu izena, eta bakoitzari heltzen zaigun diruak ez digu gurasoen etxetik irteten laguntzen. Laguntza horiek, gainera, alokairua ordaintzeko balio dezakete, baina ez emantzipatzeko. Gazteriak bereziki egoera prekarioa bizi du, plangintza berezitu bat behar du, eta ez daukagu.
I.B.:  Gainera, etxebizitzari lotutako laguntzak dira. Hau da, hiru lagunek alokatuz gero etxebizitza, laguntza bakarra lukete.  

Bankuek dituzten etxe hutsak udalak kudeatzea eta udalak izan ditzakeen etxe hutsak alokairu sozialera bideratzea proposatzen duzue.
I.B.: Bai. Beste herri batzuetan egiten dute. Egingarria da, ez da utopia bat.
A.A.: Bilbon, adibidez, akordio bat lortu dute udalak eta banku batek. Hartara, berak dituen etxebizitza horiek erabiltzen utzi dio bankuak udalari, eta azken horrek gazteentzat bideratu ditu. Bestalde, Durangoko Udalak badauka modua bere esku dituen etxe hutsak gazteentzat zabaltzeko. Oraintsu iragarri du hala egingo duela. Hirugarren puntu batean, jabetza pribatuko etxebizitza hutsak ere aipatzen ditugu. Hori zailagoa da kudeatzea, baina udalak kontzientziazio eta bitartekari lana egin beharko lukeela uste dugu.

Gazteentzako alokairuko zazpi etxebizitza izango dira prest martxoan, Faustegoienan.
A.A.: Pozgarria iruditzen zaigu albistea, baina bitxia ere bai mozioa sartu eta berehala iragarri izana. Zazpi etxek ez dute arazoa konponduko. Hala ere, berri ona da, batez ere ez direlako baldintzak zehaztu. Zazpi etxebizitza dira — etorkizunean 17 izango direnak—, gehienez hiru urtean alokatu daitezke eta 18-35 urte bitarteko gazteentzat dira. Ordaindu beharrekoa, lan kontraturik beharko den... ez da zehaztu. Ondo deritzogu horri, baldintza horiek zehazteko eztabaidan geuk ere lekua izatea espero dugulako.

Alokairu sozialerako baldintzak ere proposatu dituzue?
A.A: Bai. Urtean, gehienez, 15.000 euroko diru sarrera duten 18-30 urte arteko gazteei legoke zuzenduta egitasmoa, eta gazte bakoitzak, gehienez, 125 euroko alokairua  ordainduko luke. Etxebizitza egoera egokian egotea ziurtatu beharko luke udaleko teknikari batek; baita zenbat pertsonentzako etxebizitza den zehaztu ere. Honen bitartez udalak jasotako dirua, berriz, etxebizitza politikara bideratzea proposatu dugu, eta plana diseinatzeko orduan gazteok ere parte hartzea eskatu.

Gazteek etxebizitza eskuratzea sustatzeko politikan “aurrerapausoa” eman dela esan dute. Zer deritzozue?
A.A.: Durangon etxebizitzen %12 hutsik daudela ikusita, eta EAEn emantzipazio adina 30 urtean dagoela, hori esatea errealitateagaz bat ez datorrela uste dugu. Lan horren fruiturik ez da ikusi behintzat. Gu lan horretan laguntzeko prest gaude, eta proposamen zehatz bat dugu.

Gobernu Taldeak esan du etxebizitzaren eskumena beste erakunde batzuena dela.
A.A.: Herrian etxeen %12 hutsik egotea eta gazteak gurasoen etxetik ezin irtetea udalaren eskumena da. Etxebizitza eskubide subjektiboa dela uste dugu, hezkuntza edo osasuna diren moduan, eta administrazio publikoak hori bermatu behar du. Herriko ordezkari zuzen legez udalarena ere bada eskumena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!