Jaurlaritzak ez du zergarik ordaindu beharko Durangoko trenbide zaharreko lurrengatik

Markel Onaindia 2017ko ots. 28a, 19:44

Osoko bilkuran mozioa aurkeztu du EH Bilduk ETSri (Jaurlaritzaren enpresa) Ondasun Higiezinen Zergagatiko diru hori erreklamatzea eskatuz, baina ez da onartu, Herriaren Eskubideak soilik babestu duelako. Lurren partzelazioa egitean, katastroa infomatzea onartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Baina, ohartarazi dute espazio gehiena OHZ zergatik salbu geratuko dela.

Dani Maeztuk (EHB) gobernu taldearen kudeaketa kritikatu du. "Lau urtetan ez duzue ezer egin. Oso zaila da ulertzen herritarrei OHZ eskatzea, eta gero gehien duenari ez kobratzea”. Jorge Varelak (HE) ere herritarren aldea hartu du ahotan. "Lur horiengatik kobratu barik jarraituz gero, durangarrek ordainduko dute". Espazioaren eraberritzea geratuta egotea ere kritikatu du.

Katastroari abisua
PPk mozio alternatibo bat aurkeztu du EAJ eta PSE-EEgaz adostuta, eta horixe atera da aurrera. Testuan diotenez, Jaurlaritzak egin beharko luke lurren aldaketa juridikoa, eta baita partzelazio berria ere. Hori egitean, katastroari abisua emango diote baldintza berriak kontuan hartzeko. Hala ere, ohartarazi dute espazio osoa ez dela egongo OHZren eraginpean, "trenbide-erabilera izaten jarraituko dutelako lurperatutako trenbidearen gainean dagoen lurrak, segurtasunerako tarteak eta tren geltoki osoak, eta parke publikora bideratutako lursailen (50.000 m2) titularra ere udala delako".

Ordea, Maezturen iritziz ETSk ordaindu egin beharko luke, 2012an trena lurperatzeaz geroztik lurzoru hori urbanizagarri bihurtu delako, 2006an onartutako planaren arabera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!