Berlinetik elkartasun mezuak helduko dira Sapuetxera

Anboto 2017ko ots. 27a, 17:39

Berlinen bizi diren durangar batzuek desalojo arriskuan dagoen etxe okupatuaren aldeko kontzertuak antolatu dituzte astebururako.

Sapuetxe eraikina botatzeko asmoa du udalak, eta besteak beste hori salatzeko helburuz, kontzertuak eskainiko dituzte Alemanian. Barikuan Leipzigen izango da jaialdia, eta zapatuan Berlinen. Bertara joango dira Tres41 berriztarrak eta Tooth gernikarrak, eta hango Los Juanma eta Alien Placenta taldeekin bat egingo dute. "Eskaintza kultural eta ludiko alternatiboa eskaintzeaz gain, beste kolektibo eta proiektu batzuk sustatzen dituen proiektu bizi bati laguntza eta berotasuna eskaintzeko modu bat" izan gura du ekimenak, antolatzaile durangarrek ohar bidez azaldu dutenez. Gogoratu dute Berlinen eta Leipzigen okupazio mugimendu indartsua egon dela historikoki.

Hain zuzen ere, Sapuetxen garatutako dinamiken berri emango dute asteburuan, euskaraz, gazteleraz eta alemanieraz idatzitako eskuorriekin. Umeen txokoa, Kurdistanen aldeko ekintzak, Umerri eskolaren aldeko afariak edota La Noche Boluda antzezlanak dira aipatuko dituzten ekintzetako batzuk.

Jaialdietan batzen den diruaren zati bat Kurdistanera bideratzeko izango da, Sapuetxeko kidekin horrela adostu baitute. Hainbat alemaniar eta espainiarren laguntza ere eduki dute jaialdiak muntatzera animatu diren durangarrek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!