Itxuraldatuta dator 12. Aukera Azoka

Anboto 2017ko ots. 27a, 14:32

Dendarien elkarteko Alex Palacios eta Agurne Azkarate, Iñaki Uribe eta Olivier Tytgat, aurkezpenean.

Martxoaren 3tik 5era, Landako Gunea beteko du Durangaldeko Merkatari Elkarteak antolatzen duen Aukera Azokak. Tyl estudioaren eskutik, azokaren dekorazioan eta standen antolaketan nobedadeak izango dira, aurten. Saltsan eta Gozaturen eskutik, gastronomiak ere leku berezia izango du azokak irauten duen hiru egunetan. Dendak Bai elkartearen egoitzan aurkeztu dute, 12. Aukera Azoka, gaur.

Durango, Abadiño eta Iurretako 27 dendek beheratutako prezioetan eskainiko dituzte stockean dauzkaten produktuak, Landako Guneko Aukera Azokan. Iaz baino zortzi denda gehiagok parte hartuko dute aurten, eta ohi bezala, askotariko sektoreetako produktuak izango dira eskuragai: haurrentzako zein nagusientzako arropa, kirol dendetakoa, oinetakoak, etxerako tresnak, etab.

Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da, eta erosketak egiten dituztenek Landako Guneko aparkalekuan bi orduz utzi ahalko dute kotxea dohainik. Barikuan eta zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta domekan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da Aukera Azoka zabalik.

Itxura berria

Gaurko prentsaurrekoan parte hartu duen Olivier Tytgaten Tyl estudioak azokaren antolamenduan eta dekorazioan egindako aldaketak izango dira 12. edizio honetako berritasunetako bat. "Azoka eredu berri bat" sortu dute, prentsaurrekoan azaldu dutenez. Tytgaten berbetan, "sarrera nagusitik ez dira standak ikusiko, eta azokaren antolamendu berriagaz, erakusle batetik bestera joateko bidea proposatuko diogu bisitariari".

Gune gastronomikoa

Aukera Azokari bultzada bat emateko helburuagaz, gastronomiak presentzia berezia izango du, aurten. Saltsan eta Gozaturen eskutik, ardo, garagardo eta gazta dastaketak eta pintxo pote berezia izango dira, besteak beste. Iñaki Uribe Santsan dendako arduradunak ere parte hartu du gaurko aurkezpenean, eta azaldu du umeentzako hainbat tailer ere eskainiko dituztela azokaren egunetan. Aurrez izena ematen duten umeekin Durangoko Merkatura joango dira erosketak egitera, adibidez, zapatu goizean, eta sukaldean jardugo dira ondoren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!