Durangarrek kutxazain automatikoan egiten dituzte udal tramiteen %25

Markel Onaindia 2017ko ots. 8a, 12:51

Aitziber Irigoras alkateak agerraldia egin du, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) inguruko informazioa eskaintzeko. Orain arte izandako emaitzekin pozik dago udala; herritarrek bulegoan itxaroten duten denboraren batazbestekoa 2,24 minututik 1,16ra bajatu dela nabarmendu du alkateak.

Bere arabera, hainbat neurrik eragin dute hori, ordutegia zabaltzeak edota langile kopurua handitzeak, esaterako. Hala ere, kutxazain automatikoaren erabilera da esanguratsuenetakoa. Izan ere, tramiteen %25 kutxazainean egiten dira gaur egun, errolda agiriagaz lotutakoak batez ere.

Hain justu ere, kutxazainarekin lotutakoa da nobedadeetako bat. HAZeko bulegoan kutxazain berri bat ipiniko dute martxoan, "eragiketa kopurua handitzea erraztuko duen kutxazain eskuragarri eta unibertsal bat". Eta, gaur egun hantxe dagoen makina, Landako II kiroldegira lekualdatuko dute. Egunean 3.000 bat herritar inguru joaten dira bertara, eta asistentzia hori ikusita, tramiteak egiteko leku egokia izan ahal dela uste dute udal arduradunek, udaletxeraino joan beharrik barik.

HAZeko bulegoan 08:00etatik 18:00etara egoten dira etenik egin barik –barikuetan 14:00ak arte–. Kutxazainaz gainera, 620 86 83 50 telefonoan whatsapp zerbitzua ere eskaintzen dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!