“Energia berriztagarriak beharrezkoak dira ingurumen iraunkor bat lortzeko”

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 7a, 17:00

Ingurumena zaintzea mundu guztiak egin beharreko kontua dela jakina da, eta, beraien lanaren bitartez, Endika Berezibar arkitekto teknikoak eta Asier Boto arkitektoak eta energia berriztagarrietan espezializatua denak hau hobetzen dihardute azken urteetan.

Energia berriztagarriak eta arkitektura uztartzen dituzue. Zertan datza hori?
Asier Boto: 2020rako Europak eskatzen dituen betebeharrak betetzea da gure helburuetako bat, hau da, mundu jasangarriago bat lortzea. Horretarako,  hemendik eta 2020ra gas igorpenak %20 murriztea, energiaren kontsumoa %20 jaistea eta energia berriztagarriak %20 sustatzea da gure helburua. Azken batean, gure lana jendeari energia aurrezten laguntzea da.
Endika Berezibar: Azken urteetan ikusten gabiltza araudi teknikoak aldatzen dabiltzala Europa jasangarri bat lortzeko asmoz, eta ahalik eta energia gehien aurrezteko esperantzaz ere bai.

Zein da hori lortzeko Beretek eta Boto arkitektura bulegoek jarraitzen duten bidea?
A.B.: Guk gure lanean lerro nagusi bat jarraitzen dugu, eta hor hiru puntu nagusi ditugu: energia aurreztea, energia gutxiago kontsumitzea eta kontsumitzen den energia berriztagarria izatea .
E.B.:  Hori lortzeko, beste lan askoren artean, fatxadak eta etxebizitzak eraberritzen ditugu, eta baita barruko instalazioak eraberritu ere.
A.B.:  Hala ere, aipatu behar da guk jarraitzen dugun bidean, ardatz nagusia bezeroak direla, eta beraiekin izaten dugun harremana, pertsonalizatua. Bezeroen beharrei banan-banan begiratzen diegu, eta, behin hori eginda, beraiei gehien komeni zaiena proposatzen diegu. Azken batean, guk bezeroekin etbezeroentzat egiten dugu lan.

Beraz, garrantzitsua da gure eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzea?
A.B.: Bai, oso garrantzitsua da eraikinetan energia berriztagarriak integratu eta erabiltzea. Jendeak horregaz kontzientziatu beharko luke. Lehen esan bezala, hauek ingurumen iraunkorrago bat lortzeko ezinbestekoak dira. Bestalde, norbanakoei ere energia berriztagarriek onurak ematen dizkiete.
E.B.:  Onurak handiak dira, eta, batez ere, urte gutxiren buruan ikusten dira benetako emaitzak. Eraikinen isolamendua hobetuz eta instalazioak zaharberrituz energia kontsumoa gutxitzea lortzen da, eta norberaren gastua ere murriztu eta konforta hobetzen da.
A.B.: Azken batean, energia mota hauekin berriztea, aurreztea da. Jendea animatu gura genuke energia berriztagarriak eta eraikuntza teknika berriak erabiltzera. Azken batean, beraientzat komenigarriak dira eta.
E.B.:  Eta ez beraientzat bakarrik, ingurumenerako ere askoz hobeak dira.

Norberaren erosotasunerako ere aproposak dira energia mota hauek?
A.B.:  Bai, dudarik gabe. Eraikuntza teknika eta diseinu egokiekin etxe barruko erosotasuna lortzen dugu, esaterako, tenperatura egokiak lortzen dira, hezetasunei eta haize -lasterrei konponbidea bilatzen zaie...
E.B.:  Esan daiteke erabiltzen ditugun materialak direla norbanakoen konforterako materialik aproposenetarikoak.

Bestalde, barikuan Berdeago hasi zen, ingurumen iraunkortasunari buruzko azoka. Landako Gunean ibili zarete?
E.B.:  Bai, ni bertan izan naiz, Beretek enpresa ordezkatzen. Hiru bat urtean standa jarri dugu, eta aurten ere bertan parte hartzea erabaki dugu.
A.B.: Nik aurten Endikari lagundu diot, baina, aurrera begira, bertan egotea beharrezkoa dela iruditzen zait.

Bukatzeko, zergatik da garrantzitsua Berdeagon egotea ?
E.B.: Berdeago azoka aproposa da jendeak gure berri eduki eta beraiek informazioa jaso ahal izateko. Beraiek dituzten zalantzak argitzeko toki aproposa da. Bestalde, guretzat ere leku ezin hobea da gure proiektuak ezagutzera emateko.
A.B.: Azken batean, azoka hauek erakusten digute zein izan behar den bide egokia Europak 2020rako lortu gura duena lortzeko, eta gure lanak  ere zein bide hartu beharko luketen erabakitzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!