Zelako esperientzia da Berdeago egitasmo honetan parte hartzea?
Gontzal De Carlos: Ona. Gauza berriak ikasi ditugu. Gogoagaz gaude guk ikasi duguna besteei erakusteko. Adibidez, hidrogenoa modu kimiko batean zelan egin ikasi dugu, elektrolisiaren bitartez. Iparrorratz bategaz zelan erabili ahal den iman bat, eta zer egin lebitatu dezan.
Josean Solozabal: Ekintza hauetan parte hartuta, ikasleak inplikatzea da gure asmoa. Ingurumena zaintzeko ziurtagiria daukagu ikastetxean, eta testuinguru horretan kokatzen da. Gainera, eskola proiektuaren barruan lerro berezi bat daukagu arlorako.
Zer egin daiteke, zehazki, hidrogenoagaz?
J.S.: Hidrogenoagaz auto batzuk kargatu eta zelan funtzionatzen duten ikusi dugu. Badaude autobusak herrialde batzuetan hidrogenoagaz funtzionatzen. Hidrogenoagaz, pila nahiko azkar kargatu daiteke, eta autonomia handia ematen du. Herrialde batzuetan, AEBetan esaterako, hidrogendegiak instalatzen dabiltza, gasolindegiak lez.
Luis Sutil: Kartutxo batzuetan pilatzen da hidrogenoa, eta horregaz elektrizitatea sortzen da. Bilbon ere oraintxe erosi dute autobus bat hidrogenoduna. Ez du ezer kutsatzen, ura botatzen du bakarrik. Hidrogenoaren abantaila da pilatu egin daitekeela. Elektrizitate ekoizpen gehiegizkoa dagoenean, zer egiten da Oizeko eolikoekin? Gelditu egiten dituzte, ezin delako biltegiratu. Hidrogenoa bai, ostera.
Berba egiten da berriztagarrien inguruan, baina pausorik ematen al da?
J.S.: Estatuan apustu bat egin zen garai batean, baina gaur egun atzean geratzen ari gara. Horregatik dira garrantzitsuak Berdeago, eskolak, gazteen parte-hartzea, sentsibilizazioa...
L.S.: Herbehereetan, Norvegian, Finlandian... Zenbait herrialdetan ezarri dute 2020rako ezin dutela erabili gasolinarik, eta apurka-apurka badoaz auto elektrikoak sartzen. Bestalde, Toyotak hidrogenodun autoa atera du, Mirai [etorkizuna, japonieraz] izenekoa. Txinak ere hidrogenodun hegazkin bat sortu du. Nire ustez, gasolinaren azken egunak izango dira hemendik denbora batera. Baina industriaren interesa dago, petrolio errefindegiena, petrolio ekoizpenarena...
Baina oraindik garestiak dira energia berriztagarria duten autoak, ezta?
J.S.: Bai. Oraindik ekologikoa dena garestia da.
L.S.: Nik auto elektrikoa daukat, eta 40.000 euro kostatu zitzaidan. Energiaren Euskal Erakundeak 5.000 euroko laguntza eman zidan, eta markak ere beste hainbeste. Baina, hala ere, 30.000 euro kostatu zitzaidan; badaude auto merkeagoak!
Zelan kargatzen duzu autoa, Luis?
L.S.: Garajean kargagailu bat daukat, eta ordu erdi batean kargatzen da. Autonomia gutxi dauka oraindik; 25 bat kilometro egiten ditu elektriko soilagaz. Bestalde, modu hibridoa ere badauka, autonomia handiagoa ematen diona.
Energia berriztagarriak ezagutzeko aukera zabala egongo da asteburu honetan Berdeago Energyn.
L.S.: Bai. Eguzki energia, eolikoa, geotermia... Honetan gabiltzanok ezagutzen ditugu horiek dagoeneko. Baina, zer etorriko da? Grafenoa da hori. Grafenodun bateriekin 400 kilometro iraungo lukete autoek. Baina hemen ez da behar beste ikertzen. Oraingoari baino, datorrenari eman beharko genioke garrantzia, eta ikasleak horretarako prestatu behar ditugu.