Andoni Barreña elkarteko kideak dioenez, 1937ko martxoaren 31tik irailaren 2ra estatu espainiarrean 200 pilotu italiar operatibo egon ziren. Zerrenda hori oinarri hartuta, hiruzpalau identifikatzea lortu dute. Durangoko bonbardaketaren erantzuleak epaitegietara eramatea da helburua. Barreñak dioenez, bonbardaketaren inguruan udalean sortutako batzordean erabaki dutenez, epaitegietan auzibidea Durangoko Udalak abiatuko du, elkarteak egin beharrean. Bartzelonako Udalak azken urteotan hiri hartako bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko jarraitu duen bidea egin gura du Durangokoak ere.
Durango, Bartzelona eta Kobane senidetzea
1937ko martxoaren 31ko batzordean martxan jarri gura duten beste ekimenetako bat, Bartzelona, Siriako Kobane hiria eta Durango senidetzea da. Durangoko gazte talde bat Kobanera joan ziren eta hango alkateak proposatu zien Durangogaz senidetzea. Proposamena begi onez ikusi dute Durangon.