Iberdrolagaz kontratua eten, eta energia %100 berriztagarria jaso gura du Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2017ko ots. 1a, 12:05

Neguko egun hotzenetan argindarraren prezioa igotzeak zalaparta sortu du gizartean, eta Durangoko osoko bilkurara ere ailegatu da eztabaida, EH Bilduren mozio bategaz. PP ez beste guztiek onartuta, zerbitzu hori lehiara aterako du udalak; energia %100 berriztagarria jaso gura du, Iberdrolagaz kontratua eten ostean. EH Bilduk azaleratu du milioi bat euro inguru kobratzen diola enpresak udalari urtean.

Lizitazioan honako baldintzak ipiniko dituzte: energia guztia jatorri berriztagarrikoa izatea; hornitze puntuen analisiak egitea, potentzia eta beharrizana orekatuta dauden ikusteko; eta herritarrei berbaldiak eskaintzea. Lizitazioaren aurretik, berriztagarrien arloan esperientzia duen erakunde bat kontratatzea erabaki dute, uraren eta energiaren egungo kontsumoaz diagnostikoa lantzeko.

Neurri horiek guztiak, Tokiko Agenda 21eko programan eta aldaketa klimatikoaren aurkako planean txertatuko dituzte.

"Gehiago irabazteko"
EH Bilduren ustez, "miserablea" da oinarrizko zerbitzu bat multinazional gutxiren esku egotea. "Behar gehien dagoenean prezioa igo dute, gehiago irabazteko", kritikatu zuen Dani Maeztuk.

Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) gogoratu zuen udalean eman izan direla pausoak energiaren arloan, eguzki plakak eta geotermikoak ipintzea adibidez.  Mozioa onartu eta ekarpenak egin zizkioten testuari sozialistek. Goiztidi Díazek (EAJ) proposamenagaz ados daudela adierazi zuen, eta PSE-EEren ekarpenekin bat egin zuen. Julián Ríosen (HE) iritziz, argindarraren sistema “iruzur bat dela argi geratu da”, eta eguzki energiari mugak ipini izana salatu zuen.

Fran Garatek (PP) eguraldiari eta lehengaien prezioari egotzi zion argindarraren gorakada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!