Plataforma Feministak gogoratu du futbol jokalariari indultua eman ziotela, sexu erasoengatik zigortu eta gero. Gero, feminista baten aurka salaketa ipini zuela ere nabarmendu dute, eta orain saria eman gura izatea kritikatu dute. "Bere izendapena beste eraso bat da", ohartarazi dute. Euren ustez, ez dira bateragarriak indarkaria matxista salatzea eta gero sariak ematea; horregatik, hedabideei hausnarketarako deia egin diete.
Rosa Mintegiren (EH Bildu) ustez, "kontzientziazio kanpainak alferrik dira", gero horrelako sariak emanez gero. "Sari honegaz, eredu bat izan daiteke", esan du futbolarien eraginari erreferentzia eginez. Julia Pererak (HE) adierazi du Abasolorenak "eraso larriak" izan zirela, eta gainera, bere jarrera salatu du. "Ez du minik onartu, ez da damutu". Pilar Ríos alkateordearen iritziz, hedabidekoek "sentsibilitate falta erakutsi dute genero indarkeriarekiko, eta errespetu falta egiten den lanarekiko".
EAJk ez du berbarik egin abstentzioa arrazoitzeko, PPk bai ordea. "Ez dakit saria eraso bat den ala ez", azaldu du Fran Garatek eraso sexisten aurkako jarrera erakutsi eta gero. Bere arabera, "osoko bilkura ez da futbolari baten sari bat eztabaidatzeko gunea".