EH Bilduren arabera, inkestatuen %75ek uste dute Durangon badagoela bide segurtasuneko “arazo larri edo garrantzitsu bat” . Oinezkoen harrapaketak gertatzeko arrazoien artean, iritzi emaleen erdiek uste dute autoak azkarregi joaten direla, eta, bestalde, oinezkoak ez daudela nahikoa kontzientziaturik.
Zebra-bide kopuruari dagokionez, %40k nahiko daudela esan dute, eta %35ek ezetz. EH Bilduren ustez, datu horrek erakusten du ustezko gabezia leku zehatzetara mugatzen dela; hain zuzen, Sasikoa eta Landako kaleak sarri errepikatu ei dira herritarren iritzietan. Semaforoak kentzeari buruz, “segurtasuna ez dutela bermatu adierazi du gehiengo handi batek”, koalizioaren esanetan. Hala ere, gehienek ez ei dute berriro semafororik gura kaleetan.
22 zauritu eragin dituzten 19 harrapaketa gertatu ziren Durangon 2016an. EH Bilduk dio azkenaldiko “urterik txarrena” izan dela, datuen arabera.