Azokaren lehen asteburuan, energia berriztagarrien arloan diharduten 50 enpresatik gora batuko dira Landakon. Nabarmentzekoa da, esaterako, Tesla autoak eta kargagailuak ikusgai egongo direla; AEBetan eta Europako iparraldean indarrez sartu den enpresa honetako autoek, kasik konbentzionalek besteko autonomia eskaintzen dute. Horrez gainera, asteburu horretan tailer eta ekintza sorta egongo da, 30 bat hain zuzen.
Janaria, kamioietan
Bigarren asteburuan, kontsumo ekologiko eta naturalaren topagune bihurutuko da Landako. Elikadura ez ezik, higiene naturala, moda jasangarria edota terapia naturalak ere erakutsiko dituzte. Kasu honetan ere, 50 bat enpresa etorriko dira. Zubiaurrek nabarmendu du egun horietan jateko eta edateko ekologikoa salduko dutela horretarako prestatutako kamioietan; foodtrack deitzen den zerbitzu hori modan dago.
Aitziber Irigoras alkatearen esanetan, “alternatibak daudela ezagutaraztea eta informazioa helaraztea” da Berdeagoren helburua. Pilar Ríos alkateordeak adierazi du azoka finkatu egin dela, eta gaur egun erreferentzia bat dela sektorean. "Jasangarritasunagaz konpromisoa" izatea funtsezkoa dela dio. Udalerri jasangarrienaren saria eskuratu zuen 2014an Durangok, eta Compact of Mayors nazioarteko sarera ere batu zen.