Orain arte ogasuneko kontuak gestionatu izan dituzte bulego horretan, baina aldaketari esker, 150 tramite egin ahalko dira. Rementeriak azaldu du denboragaz gehiago izango direla, eta A-8 autobideko diru-laguntzak edota familia ugarienak bertan gauzatu ahal izatea nabarmendu du; izan ere, lehenengoz egongo da aukera hori Bilbotik kanpo. Azaroan hasi zen martxan zerbitzua, eta dagoeneko 4.500 herritarrek erabili dute.
Durangokoaz aparte, laster Gernikan ere zabalduko dute beste bulego integral bat. Rementeriak adierazi du "herritarrekiko hurbiltasuna eta modernizazioa" lortu gura dituztela bulegoagaz. Gaurko bisitan, Aitziber Irigoras alkatea eta Ibone Bengoetxea Herri Administrazioko diputatua ere egon dira Rementeriagaz batera.
Erresidentzietako beharginen salaketa
Bestalde, bulegoaren kanpokaldean zaharren erresidentzietako hainbat behargin batu dira ELA sindikatuak deituta. Lan baldintzak hobetzearen alde protestan dabiltza, eta gaur Rementeriaren aurrean egin dute. ELAk jakinarazi du otsailean greba deituko dutela, eta gutxienez hilabetekoa izango dela.