Meritxell Relaño: “Yemengo gerran iaz 2.000 ume baino gehiago hil ziren bonba, granada eta minengatik”

Anboto 2017ko urt. 13a, 09:30

Yemengo gerrako irudiek ez dituzte albistegiak zabaltzen. Hala ere, 2015eko martxotik bonbardaketek ez dute etenik. Egoera dramatiko honen erdian, Meritxell Relaño durangarra Unicefeko bulegoko zuzendaria da Yemenen. Larrialdietarako laguntza banatzen dute, elikagaiak eta sendagaiak, batez ere. Relaño nazioarteko gatazketan eskarmentu handiko profesionala da. Unicefen bidez Kolonbian, Ganbian, Mozambiken, Gibutin eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan jardun du lanean.

Biolentzia presente dagoen herrialde askotan jardun duzu lanean. Hala ere, gerrako lehen lerrora pasatu zara.  
Bai, eta gerra ezagutzea oso gogorra da. Gure aitona-amonei entzun diegu, baina, hala ere, zaila da imajinatzen.

Eta zelakoa da gerra?
Deskribatzen duten modukoa da. Hegazkinak heltzen direnean, babeslekura sartu behar duzu. Egun arrunt batean lanean egon zaitezke, eta, bat-batean, bonba batek eztanda egiten du. Borrokan ari diren lekuan gu ezin gara sartu, eta ezin dizut esan hori bizi izan dudanik. Hiriburuan gehien bizi ditugunak bonbardaketak dira. Azken hilabeteetan 760 bonba jaurti dituzte.

Zein egoera bizi dute une honetan Yemenen?
Egoera guztiz dramatikoa da. Giza krisi egoeran daude. Siriari buruz asko hitz egiten da, eta Yemengo gatazkaz, ez. Baina bi herrialdeetan egoera oso antzekoa da. Milioika pertsona janaririk barik, urik barik, bonbardaketen biktima izan daitezke… Egoera oso gogorra da, inportazioak blokeatuta daude eta. Beraz, herrialdean ez da janaririk sartzen elikagaien munduko programatik kanpo, hau da, giza laguntzatik kanpo. Sendagaiak Unicefekoak edo Médicos Sin Fronterasekoak dira. Komertzioa itxita dago, eta ekonomia kolapsatuta. Banku Zentrala kiebra eginda dago. Abuztutik funtzionarioek ez dute kobratzen.

Elikaigirik barik, zer egoera ikusten dituzu?
Herrialde askotan ikusten ez diren malnutrizio tasak daude. Gerraren ondorioz, 460.000 ume malnutrizio larrian daude. Eta 3 milioi pertsona, amak eta umeak, malnutrizio egoeran. Ama asko makal daudenez, ume asko pisu gutxigaz jaiotzen dira, eta uraren eraginez beherakoa harrapatzen badute, jateari uzten diote. Malnutrizio egoera batean sartzen dira horrela. Horregatik, Unicefek larrialdietarako laguntza eskaintzen du.

Hainbeste beharrizanegaz, zeintzuk dira lehentasunak?
Urik ez dagoen lekuetan ura banatzea. Kamioiak uragaz kontratatu eta ura banatzea da helburuetako bat. Hirian ez dago elektrizitaterik. Era berean, Unicefen esku dagoen txertoen programari sendagai oinarrizkoenak gehitu behar zaizkio. Pneumonia sendatzekoak, antibiotikoak, beherakorako botikak… Osasun sistema kolapso egoeran dago. Dena dela, gure programa handiena malnutrizioari aurre egitekoa da.

Egoera horretan, zelan egin ahal zaio aurre malnutrizioari?
Hiru medizina edo superelikagai daude. Esne sendotua eta kakahuete pasta bat dira erabilienak. Pasta horrek nutriente eta grasa guztiak ditu umeak errekuperatzeko. Oso erraz absorbatzen da. Umeek paketea zabaldu eta xurgatu egiten dute. Apurka-apurka, pisua hartzen hasten dira. Tratamenduak bi aste irauten du; beraz, interbentzio garestienetakoa da. Era berean, egoera dramatikoa denez, diru transferentziako programa ere badugu. Zer jan edo elikagaiak zegaz erosi ez duten familiei ematen diegun subsidioa da, bizirik iraun ahal izateko. Programa honetan 5.000 familiak parte hartu dute. Batzuetan zerbitzu minimo bat dagoen lekuetara merkantziak mugitzen ibiltzea baino askoz errazagoa da dirua banatzea eta beraiek erostea. Janaritan eta eskola materialean gastatzen dute.

Umeei bereziki, zein laguntza ematen diezue?
Laguntza psikologikoa ere ematen dugu. Gogorra da auzokoaren etxean eraso dutela ikustea, hildakoak kaleetan… Arreta psikosoziala eskaintzen dugu eskoletan. Hemen, umeak, hilabeteetan zehar etxean sartuta egon dira. Nire lankideen umeak urte osoa etxetik irten barik egon dira.  

Yemenek maila pertsonalean zelan eragin dizu?
Oso tristea da ikustea ume hauek guztiak ezin izan direla eskolara joan, biolentzia zuzenean ikusten ari direla. Tristea da ikustea sasoi honek Yemengo haurrei zelan eragingo dien. Ni baikorra naiz eta uste dut egiten ari garenak zeozertarako balio duela, baina, bat-batean, berriro bonbardaketa gehiago datoz. Ura iragazki batetik botatzen ari zarela ematen du askotan. Egoera honetan badakizu biziak direla salbatu behar direnak, eta ezin duzu askoz gehiago pentsatu. Mentalki oso gogorra izan behar duzu.

Hezkuntza sistema, zelan gelditu da ia urte biko gerraren ondorioz?
2016an 400 eskola berreraiki ditugu, eta beste 400 gelditzen zaizkigu, bonbardaketek jarraitzen duten bitartean. Gertatu zaigu eskola bat berreraiki eta ostera ere bonbardatzea, baina ezin gara ezer egin barik gelditu. Leku batzuetan kanpin-dendak jarri ditugu, batez ere iparraldean Huthiak, hau da, boterean daudenak dauden lekuan. Koalizio saudiak inguru hori bonbardatzen du batez ere, eta bonbardaketek jarraitzen dutenez, dendak jartzen ditugu. Eskola handiak dira, batzuetan 1.000 edo 2.000 ikaslekoak.

Al Qaedak eta Isisek zer paper  jokatzen dute gerra honetan?
Hegoaldean Al Qaedak eta Isisek exilioan dagoen gobernua desestabilizatzen jarraitzen dute, protagonismorako espazioa bilatzen dute. Orain aste batzuk bonba bat jarri zuten armadarako errekrutatzen ari ziren ilara batean, eta 40 gazte hil ziren. Aurretik ere, beste bonba baten eraginez, ehunka lagun hil ziren. Zentzu horretan, Aden arriskutsua da.

Prentsaurrekoa eman duzue Yemenen, iaz 2.000 ume baino gehiago hil zirela salatuz.
Nire lana da esku artean ditugun datu horiek guztiak batu eta gerran dauden aldeei gogoraraztea. Honenbeste eskola eta ospitale bonbardatu dituztela erakutsi. 2.000 ume baino gehiago hil ziren 2016an bonba, granada, mortero edo pertsonen kontrako minengatik… Ez dute jaramon handirik egiten, baina salaketa hori egitea ere bada gure lana.

Inguru horretako beste gerrek milioika desplazatu eragin dituzte. Gerra honen ondorioz, badago errefuxiatuen kanpamendurik?
3 milioi barne desplazatu daude, baina ez dago kanpalekurik. Hemen familietan edo ahal duten lekuan bizi dira. Eskoletan sartzen dira edo hutsik dauden orubeetan, esate baterako. Eskoletan familiak ere bizi dira.

Gerra honek epe motzean irtenbiderik izan dezake?
Ezin naiz baikorra izan. De facto zeuden autoritateak Sanan daude, eta orain aste batzuk gobernua izendatu dute. Beraz, 45 ministrok salbaziorako gobernua deritzona osatzen dute. Baina nazioarteak aitortzen duen gobernua Riaden dago, erbestean. Beraz, lana asko zaildu da.

Eskarmentu handiko profesionala zara. Hainbat herrialdetan lanean jardun duzu, baina honen guztiaren hasieran Durangoko Bateginez elkartea dago.
Ezjakintasunetik emakume talde baten artean elkartea martxan jarri genuen. Arropa eta jostailuz betetako kontainerra bidali genuen Guatemalara. Gero konturatu ginen hobe zela produktuak bertan erostea. Haurrak babesean hartzeko sistema eta lan komunitarioa jarri genituen martxan. Osasun zentroa eta eskola sortu ziren. Pochutan birritan egon nintzen, 1994an. Hori izango zen nire lehen bidaia. Eta hantxe konturatu nintzen horretan jardun gura nuela.

1999an hasi zinen lanean Unicefen. Zein izan zen zure lehen eginbeharra?
Eusko Jaurlaritzako beka bategaz Kolonbiara joan nintzen. Bi urtez boluntario moduan Unicefeko bulegoan lan egiteko aukera eman zidaten. Beka amaitu aurretik, Timorrera joateko kontratatu ninduten.

17 urtean Kolonbian aldaketa asko gertatu dira. Zelan bizi izan dituzu zuk?
Emozio handiagaz, egia esan. Lagun kolonbiar asko ditut. Han egon nintzenean gazteagoa nintzen eta gehiago irteten nintzen. Horregatik, lagun asko egin nituen. Modu batean edo bestean, Kolonbiako bulegoan lan egin nuenean bake prozesu batzuekin lotura izan nuen. Bide asko zabalduta zeuden, Bakearen Aldeko Emakumeen Taldeak, eliza, nazioarteko erakundeak… Solasaldi horietako batzuetan parte hartu nuen. Batzar horietan bi aldeek gatazka gainditzeko behar zutenaz berba egiten zuten. Azkenean, hainbeste urte igaro eta gero, irtenbide bat ikustea emozioz bizi izan dut

2000. urtean Timorrera joan zinenean zer aurkitu zenuen han?
Indonesiarrek Timor 25 urtez okupatu eta gero, erreferenduma egin zuten independentziaren alde. Timorreko biztanleek independenteak izan gura zutela erabaki zuten. Orduan, administrazioko ia kargu guztiak okupatu zituzten indonesiarrek. Alde egiterakoan dena erre zuten. Artxiboak, eraikinak… Pintada esanguratsu bat egin zuten. “Joango gara eta harriak jango dituzue”, zioen. Era berean, jakintza guztia eraman zuten.

Timorrekoa, zelako esperientzia izan zen?
Nazio Batuen aldi baterako misioan parte hartu nuen. Heldu ginenean dena suntsituta aurkitu genuen. Itsasontzi batean bizi ginen, eta egunean zehar bulegoan egoten ginen. Helikopteroan mugitzen ginen herrialdean, bake misio bat zegoenez militar asko baitzegoen. Haur Hezkuntzaren egoera aztertu behar nuenez probintzia guztietara bidaiatu nuen, eskolen egoera zein zen ikustera. Herrialdea bera ikusgarria da.

Panamara itzuli zinen gero.
Bai, Kolonbiako bulegoa Panamara lekualdatu zuten. Hego Amerikako eta Karibeko bulegoa zen. Haur Hezkuntzako programen inguruko analisi bat egin genuen, eta ia herrialde guztietara bidaiatu nuen.  

Ondoren, Mozambikera bidaiatuz Afrika ezagutu zenuen. Aldaketa handia izan zen?
Shock handia izan zen. Pertsonalaren gaitasuna oso handia da Hego Amerikan. Jendea oso formatuta dago. Afrikan baliabideak mugatuagoak dira. Esperientzia polita izan zen. Izan ere, 2003an Mozambike gerratik irten berria zen eta trantsizio fase baten zegoen.

Hezkuntzan jardun zenuen? Zein proiektutan?
Bai, eta baita HIESaren prebentzioan ere. Epidemia oso larria zen Mozambiken eta Hegoafrika osoan. Hezkuntza sistemaren barruan eskolan zebiltzan gazteekin prebentzio lana egiten genuen. Eskolatik kanpo zeudenekin ere bai, komunitateen eta jolas taldeen bidez. Ondoren, Lehen Hezkuntzako proiektu bat jarri genuen martxan.

Bost urte Afrikan eman eta gero, urte beteko atsedenaldia hartu zenuen. Zergatik?
Tesi doktorala amaitu gura nuen eta etxera itzuli nintzen. Nazioarteko erakundeak ingurura zelan moldatzen diren eta zelan ikasten duten aztertu nuen.

Urte horren ostean, Gambiara joateko deitu zizuten. Zer egoera aurkitu zenuen han?
Herrialde oso pobrea da, azpiegitura garatu gabeak ditu. Turismotik bizi dira urritik martxora. Ingelesak, norvegiarrak…Kostaldea zoragarria da eta hotelez beteta dago. Orain dela gutxi Gambian hauteskundeak egin dituzte, eta oposizioak irabazi du. Telebista guztietan Yahya Jammeh presidentea agertu zen irabazleari orain presidentea bestea zela esanez. Ordura arteko diktadura gogorraren ostean, keinu horrek harritu egin ninduen. Izan ere, herrialde honetan giza eskubideak ez ziren asko errespetatzen. Bi hilabete geroago, Yahya Jammeh-k esan zuen kontaketa txarto egin zutela eta ez diola oposizioari boterea emango.

Gibutin ere izan zinen. Herrialde zaila izan al zen?
Herrialde oso zaila da. Egoera zailagoa zen, besteak beste, nire umeekin joan nintzelako. Gibutin 40-50 gradu egiten ditu egunero. Leku erabat idorra da. Leku estrategiko batean kokatuta dagoenez, herrialde txikia izan arren munduko 10 armadak base militar bana dute bertan.  Hortik eta portutik bizi dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!