60 lagunetik gora batu dira Aramotzeko auzolanean

Anboto 2017ko urt. 7a, 17:00

Aramotzetik Fumbarri enpresara arteko zatian dagoen erreka ingurua eta sasitza garbitzeko deia egin dute Herria eta Aramotzeko auzo elkarteek gaur goizerako. Deialdiaren erantzuna uste baino hobea izan dela azaldu dute antolatzaileek. "60 lagun baino gehiago batu gara eta hainbeste lagunentzako erramintarik ez dugu ekarri. Erantzuna uste baino hobea izan da".

Aramotz ingurua Durangoko Udalak, Ura erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "abandonatuta" dutela diote auzokideek. Horregatik, beraiek hasi dira garbiketa egiten. Erreka oso zikin aurkitu dutela aurreratu dute antolatzaileek. Sasiak ere kendu dituzte. Bide batez, arbolak apaindu dituzte. Eta hotzari aurre egiteko, behin lana bukatuta hamaiketakoa egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!